PSE-EE "tranpak" egiten ari da Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza eskuratzeko, EB Ezker Batuko koordinatzaile nagusi eta lehendakarirako hautagai Javier Madrazok gaur Radio Euskadin esan duenez. Helburu hori lortzeko, ezker abertzalea legez kanporatzeko Espainiako Justizia "erabili" du, eta, horrez gain, PP Alderdi Popularraren botuak erantsi nahi ditu.
"Tranpa egiten ari dira [PSE-EEkoak] Lehendakaritza lortzeko, zeren eta hauteskundeak garbi irabazi behar dira, eta alderdi sozialistak, urteak daramatza bankiloan, eta ez du hala gehiago segitu nahi; berehala sartu nahi du Ajuria Eneko gobernuan, edozein modutan, eta horretarako [Espainiako Auzitegi] Gorena, [Auzitegi] Konstituzionala eta Alderdien Legea erabiltzen ari da, eta bere botoei PPrenak gehitzen", salatu du Madrazok.
"PSE-EEko hautagai Patxi Lopez edozertarako prest dago Ajuria Eneara iristeko".
"Deitoragarria da duela lau urte EHAKri aurkezten utzi ziotela, duela bi urte EAE-ANVren hautagaitzen erdiari pasatzen uztea, ETArekin negoziazio prozesua mantentzea interesatzen zitzaielako, eta orain, Ajuria Eneara iristea interesatzen zaienean, hauteskunde hautagaitza bati aurkezteko posibilitatea ukatzea, uste dutelako horrek aldea ematen diela PPrekin batera 38 eserleku lortzeko", azaldu du EBko buruak.
Zentzu horretan, PSE-EEri botoa emateko asmoa duten "aurrerakoi eta ezkertiarrei" ohartarazi die "PPren botoen laguntzarekin" joan nahi duela hark Ajuria Eneara; "PPk bidesaria kobratuko dio alderdi sozialistari", Eusko Legebiltzarreko Presidentetza eta Arabako Diputazioaren arloetan, eta gobernu politikan "zaintza" lanak eginda.
"Patxi Lopezek eskubidea du bere botoak PPkoekin batzeko, baina une horretatik aurrera PPren bahitua izango da; gobernu ekinbidean zuzendu egingo dio".
Madrazok gogorarazi du inkesta guziek erakusten dutela "EBren espazio politikoaren egonkortzea", eta horri "oso garrantzitsu" iritzi dio, "oso hauteskunde irekiak izango direlako, zortzi hautagaitzarekin, 1,7 milioi boto emailerekin eta [haien kontrako] oso hedabide erasokorrekin".
Hala, EBren aldeko botoa eskatu du, "Euskadik ezker indartsua, potentea, behar duelako, martxoaren 2an [bozen biharamunean] gauza asko egongo direlako jokoan, hala nola izugarrizko krisi ekonomikoa".
Haren iritzian, EAJ, PSE-EE eta PPk bultzatzen duten politikari aurre egin behar zaio: "Bankuei ordainik gabe ematen diete dirua, eta aberatsei eta enpresaburu handiei zergak murrizten jarraitzen dute". Politika horien aurrean, "finantza eredua eta politika fiskala aldatzearen alde" azaldu da, "gehien daukanak gehiago ordaintzeko".
Gainera, geroago Gasteizen egin duen ekitaldian, "enplegu egonkorraren aldeko greba orokorra" prestatzeko gonbitea egin die sindikatuei.
PSE-EEri "tranpa" egitea leporatu dio Madrazok
Ezker Batuko hautagaiaren iritziz, PSE-EEk ezker abertzalea legez kanporatzeko Justizia erabiliz eta PPren botoak gehituta lortu nahi du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu