Hirugarren urtez jarraian PPren 13 legebiltzarkideren babesari esker lortu du Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak aurrera ateratzea. Oposizioko gainerako taldeekin negoziatu beharrik ez du izan PSE-EEk 2012ko aurrekontuak onartzeko, legealdiaren hasieratik PPren aldeko botoa bermatua duelako. Eta, hain justu ere, negoziazio ahaleginik egin ez izana leporatu diote EAJ, Aralar, EA, EB eta UPDk Jaurlaritzari. Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran oposizioko taldeek gogor kritikatu dute Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoa , eta kezka agertu dute, besteak beste, gastu sozialak izango duen murrizketagatik. Botoa emateko orduan, baina, ñabardurak izan dira: Aralar, EA, EB eta UPDk kontra bozkatu dute, eta EAJ abstenitu egin da, «erantzukizunagatik».
Horrenbestez, Jaurlaritzak 10.449 milioi euroko aurrekontua kudeatu ahal izango du datorren urtean, aurten baino %1 gutxiago. Murrizketa ugari egingo ditu gobernuak 2012an, baina bereziki gizarte babesari zuzenean eragingo diote murrizketok. Horixe izan da oposizioko taldeen arrazoi nagusia Jaurlaritzaren aurrekontuen aurka jotzeko. Aurkeztutako zuzenketa partzial ugari ere bide horretan joan dira. Zuzenketa horietako asko osoko bilkurarako gorde dituzte taldeek, baina PSEk eta PPk den-denak bota dituzte atzera.
PSEko Joana Madrigalek garrantzia kendu die oposizioko taldeen zuzenketei, horiek aurrekontuaren gastuaren «portzentaje txiki batzuk» baino ez dituztela aldatzen argudiatuta. Aurrekontuak PPrekin soilik negoziatu izana «demokraziaren» isla dela esan du PSEkoak, uste duelako gobernuaren betebeharra dela gehiengoak lortzea legeak eta proiektuak aurrera ateratzeko. Aurrekontuen defentsa egin du Madrigalek, hiru helburu betetzen dituela arrazoituta: «Gizarte batuagoa» lortzea, lana sortzeko gai den ekonomia «emankorra» lortzea eta aurrekontuen egonkortasunarekin betetzea.
Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak argi utzi du aurrekontuak ez direla bere taldeak nahiko lituzkeenak, baina babestu egiten dituztela «egonkortasuna» eta «zorraren mugak» dituelako helburu diru sarrerak behera egin arren. Danboreneak txalotu egin du aurrekontuak PPk aurkeztutako zenbait zuzenketa jasotzea, bereziki, «terrorismoaren biktimentzako» diru laguntzak handitzen dituena. Ordea, PPkoak esan du bere taldeak ez duela begi onez ikusten Jaurlaritzak dirua ematea estatu indarkeriaren biktimei.
Elkarrizketarik ez
Jaurlaritzak oposizioko taldeekin hitz egiteari uko egin izana gogor salatu dute gainerako taldeek. Ricardo Gatzagaetxebarria jeltzaleak «sentsibilitaterik eta borondate politikorik» ez izatea egotzi dio Patxi Lopez lehendakariari: «Oposizioko lehen taldearekin inolako harremanik ez izatea lehendakariaren huts larri bat da». Hala eta guztiz ere, EAJk ez dio kontrako botoa eman aurrekontuari, «erantzukizunez» jokatu nahi duelako: «Hobe da aurrekontuak izatea, ez izatea baino». Abstenitu arren, EAJ oso kezkatuta dago Jaurlaritzak hartutako bide ekonomikoarekin, besteak beste, aurrezkia negatiboa duelako eta defizita esandakoa baino askoz ere handiagoa duelako, Gatzagaetxebarriaren arabera.
Aralarreko Mikel Basabek gezurtatu egin du Lopezen gobernua «guztiona eta guztiontzat» dela, lehendakariak «zero segundo» eskaini dizkiolako oposizioko taldeekin aurrekontuez hitz egiteari. Azaldu duenez, aurrekontuak «hobetzeko» eta «ezkerretik» eragiteko zuzenketak aurkeztu ditu Aralarrek, baina Jaurlaritza «PPrekiko morrontzari zor zaionez», atzera bota ditu denak.
EAri ere negoziazioaren ateak ixtea leporatu dio Juanjo Agirrezabala legebiltzarkideak PSEri. EAk ez ditu batere gustuko Jaurlaritzaren aurrekontuak, eta aurkeztutako 264 zuzenketekin batez ere gastu publikoa indartu nahi izan dutela azaldu du Agirrezabalak. Izan ere, EAkoak salatu du Jaurlaritzaren aurrekontuak ez diela erantzuten herritarren beharrei, haien eskubideak eta interesak murrizten dituelako. «Aurrekontu hauek ez dute balio enplegua sortzeko, ez dituzte bermatzen zerbitzu sozialak eta gizarte laguntzak. Ez doaz bide onean».
Mikel Arana EBko eledunak salatu du PPk eta PSEk «gehiengoaren arrabola» erabili dutela oposizioaren zuzenketak atzera botatzeko. Aurrekontuekin gizarteari «gerrikoa are gehiago estutuko» zaiola salatu du, halaber. Bestalde, UPDko Gorka Maneirok azaldu du funtzionarioen soldatak eta laguntza sozialak murriztuko direla baina PPren esku dauden udalek diru gehiago jasoko dutela.
Anekdota eta guzti
Aurrekontuen eztabaida bitxia izan da. Sistema informatikoak matxura izan du eta Legebiltzarreko presidenteak gelditu egin behar izan du osoko bilkura. Zerbitzu teknikoek ezin izan dutenez hutsa konpondu, eztabaida etenda geratu da eta ez da erantzun txandarik egin. Aurrekontuen bozketa, gainera, eskua altxatuta egin behar izan dute legebiltzarkideek.
Euskal instituzioetako aurrekontuak
PSE eta PPk gastu soziala gutxituko duen aurrekontua onartu dute
Eusko Legebiltzarreko eztabaidan oposizioko taldeek negoziatzeko ahaleginik egin ez izana leporatu diote JaurlaritzariEAJ abstenitu egin da bozketan, eta kontra bozkatu dute Aralarrek, EAk, EBk eta UPDk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu