PSE-EEk hauteskunde ekitaldia egin zuen atzo goizean Barakaldon (Bizkaia), eta han izan ziren Eneko Andueza idazkari nagusia, eta Patxi Lopez eta Maria Guijarro Kongresurako Bizkaiko hautagaiak. Mezu argia helarazi zuten hirurek: eskuinak eta ultraeskuinak boterea eskuratuz gero, lorpen sozialetan atzera egiteko arriskua dagoela. Espainiako Gobernuak azken urteetan eskubideak zabaltzeko egindako lana goratu zuen Anduezak, eta, besteak beste, aipatu zituen mendekotasuna duten pertsonen zaintza, klima aldaketaren aurkako borroka, «aniztasunarekiko» errespetua eta Eutanasiaren Legea. «Ez dugu onartuko lortutako guztia ahanzturaren, gorrotoaren eta indargabetzearen estoldetan gal dadin, eskuinak eta ultraeskuinak nahi duten moduan», ohartarazi zuen.
PSE-EEko idazkari nagusiak esan zuen sozialistek oraindik «amaitu gabe» dagoen proiektu bat dutela Espainiarentzat, eta pertsonen bizitza «duintzeko» helburu argia duela: «Ziurrenik, PSOEren gobernua Espainiako historiako gobernurik onena izan da. Herritar guztiak babestu dituen alderdia gara, krisi baten erdian Espainia Europako buru izatea ahalbidetu duena, pentsiodunen alderdia gara, langileen alderdia gara, emakumeena, ikasleena, gazteena, nahi duzuna maitatu eta nahi duzunarekin ezkondu ahal izatea bermatzen duen alderdia gara».
Patxi Lopez Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak deitoratu egin zuen PPk boterea lortzeko «eskubideak saldu» izana. «Voxekin itunak eginez, euren printzipioak besaulkien truke aldatzen ari dira. PP Voxen programa eta printzipio erreakzionarioak irensten ari da».
Bestalde, Iruñean mintzatu zen Santos Cerdan PSNren Kongresurako zerrendaburua, eta dei egin zien «PPk ultraeskuineko gobernu bat babestearekin ados ez dauden» UPNren boto emaileei PSNri botoa eman diezaioten. Hurrengo bozetan «hogei urte atzera egiteko» arriskua dagoela ohartarazi zuen Cerdanek, eta ezinbestekotzat jo zuen azken lau urteotan lortutako eskubideei eustea, «PPk eta Voxek zapaldu ez ditzaten».
Voxen hauteskunde programa «erostea» aurpegiratu zion PPri, eta, ildo horretan, UPNri galdetu zion ea prest egongo den PPreneta Voxen gobernu bati babesa emateko. «Ziur nago Nafarroan UPNko boto emaile asko ez daudela ados Espainian eskuina eta ultraeskuina hartzen ari diren noraezarekin», ziurtatu zuen Cerdanek. Hala, UPNko boto emaileei eskatu zien «ongi pentsatzeko» nori emango dioten botoa.
EH Bilduk, «memoria»
EH Bilduk mitin politikoa egin zuen eguerdian Guardian (Araba); Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako Arabako zerrendaburua izan zen bertan, Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak lagunduta. 1978ko Iruñeko Sanferminetan Poliziak German Rodriguez hil zuenetik 45 urte bete ziren atzo, eta Ruiz de Pinedok «memoria demokratikoa» aldarrikatzeko eta biktima guztientzat «egia, justizia eta erreparazioa» eskatzeko baliatu zuen ekitaldia.
German Rodriguezen kasuan zein Mikel Zabalzaren heriotzaren edota Gasteizko martxoaren 3ko gertakarien inguruan dagoen «sekretismoa eta zigorgabetasuna» amaitzea exijitu zuen. Hala, Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko konpromisoa hartu zuen.
EAJk, berriz, Donostian egin zuen ekitaldi politikoa. Aitor Estebanek, EAJren Bizkaiko zerrendaburuak, Euskal AutonomiaErkidegoaren autogobernua «defendatzen jarraitzeko konpromisoa» berretsi zuen: «Hemen Eusko Jaurlaritza abertzale bat egon daiteke, baina lehen defentsa lerroa Madrilen dago, bertan aurkezten direlako erasoak». Hautagai jeltzaleak nabarmendu zuen «saiakera birzentralizatzaileak» egoteko aukera dagoela, eta, horiei aurre egiteko, autogobernua defendatzea dela «ongizaterako bermea».
Sumarrek ere ekitaldiak egin zituen. Pilar Garrido hautagaiak gutxieneko soldata igotzeari eman zion garrantzia, eta Lander Martinezek gazteei emantzipatzen lagunduko dietela esan zuen.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina
PSE: «Ez dugu onartuko lortutakoa ahanzturaren estoldetan gal dadin»
PSE-EEk esan du pertsonen bizitza «duintzeko» helburua duela, eta UPNren boto emaileei zuzendu zaie PSN. EH Bilduk «memoria demokratikoa» aldarrikatu du. EAJk autogobernuaren alde egin du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu