PSEk ez du argitu ikerketa batzordea osatzea babestuko duen

jon olano
2015eko otsailaren 10a
21:04
Entzun

Jaurlaritzak uste du "ezer gutxi" duela esateko Kutxabankek Mikel Cabiecesi lotutako bufete bati eginiko ordainketen inguruan, eta ez dagokiola ezer esatea "auzia fiskalaren esku dagoen bitartean". Edonola ere, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan du fiskalaren aurrean deklaratu dutenek adierazpen "oso argiak, gardenak, irmoak eta ulergarriak" egin dituztela.

Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat sortzeko aukeraren inguruan, Erkorekak esan du hori "legebiltzarraren erabakia" izango litzatekeela.

Balizko ikerketa batzorde horri buruz hitz egin du PSE-EEk ere. Jose Antonio Pastor alderdiko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du PSEk ez duela oraindik erabaki babestuko duen Kutxabanken ordainketen inguruko ikerketa batzorde bat eratzea; "dagokion unean" erabakiko du hori. Pastorrek azaldu du ez dela "oso serioa"  ikerketa batzordean Cabiecesen auzia eta kutxen bat egitea "nahastea", eta auziaz "etekin politikoa" atera nahi izatea egotzi dio EH Bilduri —koalizioak proposatu du ikerketa batzordea osatzea—.

Batzordea, "inoiz baino beharrezkoago"

Koalizioko bozeramaile Unai Urruzuno prest agertu da ikerketa batzordearen zereginak mugatzeko, horrek batzordea osatzeko babesak lortzea errazten badu. Horrez gain, Hasier Arraiz koalizioko legebiltzarkideak jakinarazi du EH Bildu aztertzen ari dela auzian akusazio partikular gisa aurkezteko aukera. Gainera, nabarmendu du fiskalak auzia epailearen esku itzi izanak agerian uzten duela egoeraren larritasuna; "kezkagarritzat" jo du hori, eta "inoiz baino beharrezkoago" ikusten du ikerketa batzorde bat osatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.