AUTOGOBERNUA

PSEk nazio aitortza eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskaini dizkio EAJri akordioa lortzeko

1979ko estatutuan jaso baina Jaurlaritzaren esku utzi ez diren 32 eskumen "desblokeatzea" ontzat jo du Isabel Zelaak. Gizarte Segurantza Jaurlaritzak "kudeatzea" onartzeko prest legoke, horrek Espainiako "kutxa bakarra" hausten ez badu.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldearen bilera. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko otsailaren 17a
07:58
Entzun

Bilera egin du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldeak, eta aztergai izan du PSEk autonomia estatutua aldatzeko joan den hilean eginiko proposamena. Proposamen horrek, besteak beste, 1979ko estatutuaren eskumenak, nazio aitortza eta Gizarte Segurantza ditu hizpide.

Gizarte Segurantzaren inguruan, PSEren proposamenak ontzat jotzen du eskumen horren kudeaketa eskualdatzeko hitzarmen bat sinatzea, "[Espainiako] Estatuko Gizarte Segurantzaren sistema bateratuaren markoan eta elkartasun printzipioa errespetatuz". Isabel Zelaa PSEko legebiltzarkideak azaldu du sozialistek ez dutela Gizarte Segurantzaren "zatiketa" onartuko, horrek Espainiako herritarren berdintasun printzipioa "apurtzea" eragingo lukeelako.

EAJk asteburuko kongresuan onartutako komunikazio batean zehaztu duenez, haren asmoa da, lehen fasean, Gizarte Segurantzaren kudeaketa bere gain hartzea, eta bigarren fasean, Gizarte Segurantza kudeatzeko berezko egiturak sortzea.

Nazio aitortza eta eskumenak

1979ko estatututik bete ez diren eskumenetatik bat da Gizarte Segurantzarena. Zelaak aitortu du 32 direla guztira Jaurlaritzari eman ez zaizkion eskumenak, eta horiek "desblokeatzeko" prest agertu da.

Nazioaren inguruan, berriz, hala dio PSEren proposamenak: "Euskal sozialistok ez dugu nazio kontzeptua sakralizatzen [...]. Prest geundeke etorkizuneko testu estatutarioan barneratzeko, argi geratzen bada ez dela oinarritzen ustezko burujabetza ezberdindu batean". Zelaak azaldu du aitortza hori ikuspuntu "historiko eta kultural" batera mugatuko litzatekeela, eta estatutuaren solasaurrean txertatuko litzatekeela: "Munduan 2.000 nazio baino gehiago daude; estatuak, ordea, ez dira 200era iristen".

Zelaak azaldu du autogobernuaren alorrean PSEk EAJrekin akordioak lortzeko asmoa duela; ez ordea EH Bildurekin: "Liga ezberdinetan jokatzen dugu". EAJrekin desadostasunak ere badituzte, Zelaak esan duenez.

Taldeen kritikak

EH Bilduko Pello Urizarrek zentzugabetzat jo du PSEren proposamena, argudiatuz alderdi horrek "ongizatea hobetzeko tresna" gisa jotzen duela autogobernua baina, ondoren, ongizate horri buruzko erabakiak "Madrilen hartzea ontzat" hartzen duela. "Sinesgarritasunik" ez izatea egotzi dio.

1979ko estatutua aldatzekotan, beste norabide batean aldatu beharraz mintzatu da PPko Borja Senper; haren ustez, "erakundeak modernizatu, bikoiztasunak ezabatu eta lurralde historikoei botere gehiago emango dizkien erreformak behar ditu Euskadik". Landaldea bera kritikatu du UPDko Gorka Maneirok, "EAJren zerbitzurako propaganda tresnatzat" jota.

Martxoaren 9an bilduko da berriz lantaldea, eta koalizio subiranistaren proposamena aztertuko du egun horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.