AUTOGOBERNU LANTALDEA

PSEk pentsioei eta autogobernuari buruzko txostenak eskatu ditu

CCOO eta UGTri eskatu die azter ditzatela Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra haustearen ondorioak.

Martxoaren 27an jarri zuten autogobernuari buruzko lantaldea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2014ko maiatzaren 8a
08:59
Entzun

Eusko Legebiltzarrean autogobernuaz eztabaidatzeko abiatutako lantaldean eskatuko dituen txostenak ezagutarazi ditu PSE-EEk. Sindikatuei galdegindakoez gain, Espaniako Gizarte Segurantzako Estatu idazkari ohi Octavio Granadori eskatu dio txosten bat egin dezala "Gizarte Segurantzaren egungo sistemaren bideragarritasunari buruzko azterketa bat, independentzia edo kutxa bakarraren haustura hipotetiko batean".

Gainera, Andres de Blas politika zientzietako katedradunari proposatu dio independentziak bizikidetzan eta kohesio sozialean duen eragina azter dezala. Munduko eredu federalen eta Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernuaren azterketa konparatu bat ere nahi du PSEk, eta Alberto Lopez Basaguren Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunari enkargatu dio hori. Gernikako Estatutua eta Espainiako erkidegoetako estatutuak ere alderatuko dituen txosten bat eskatu du.

Atzo, UPDk jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari bi txosten eskatuko dizkiola autogobernuari buruzko lantaldean: euskal pentsio sistema baten bideragarritasunari buruzkoa bata, eta balizko independentziaren kostuaz bestea. "Herritarrak independentziaren kalteez ohartarazteko dira".

Txosten ekonomikoak nagusi

EAJ. Bi txosten eskatuko dituzte jeltzaleek. Bata, Gernikako Autonomia Estatutua ez betetzeak euskal gizarteari eragiten dizkion kalte ekonomikoei eta euskal autogobernuari kalte egiten dien dituzten Auzitegi Konstituzionalaren sententziei buruzkoa. Bestea, objektiboki kuantifikatzeko EAEren eta Espainiaren arteko gisa orotako harreman ekonomikoak.

EH Bildu. Hiru txosten eskatuko ditu koalizio abertzaleak. Bata, euskarararen egoerari buruzkoa. Bestea, EAEko administrazioek Euskal Herriko beste administrazioekin dituzten harremanei buruzkoa. Hirugarrena, Eusko Jaurlaritzak Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin dituen harremanei buruzkoa.

PP. Hiru txosten eskatuko ditu alderdi popularrak. Bata, Euskadiren balizko independentziak izango lukeen kostu ekonomikoari, gizarte kostuari eta EBrekiko harremanen kostuari buruzkoa. Bestea, Espainiako sistematik at legokeen Gizarte Segurantza eredu baten bideragarritasunari buruzkoa. Hirugarrena, Gernikako Estatutuaren garapenari eta falta diren transferentziei buruzkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.