Pedro Rascon PSNko parlamentariak esan du gaur PSNko lurralde batzordea egitekoa den bileraren aurrean "aukera guztiak zabalik" daudela, baina zehaztu du Ferrazek erabakia hartua duela eta agiria "oso argia" dela: "Dagoena dago". Lurralde batzordeak "hartu beharreko erabakiak" hartuko dituela azaldu du, eta ikusiko dutela "zer gertatzen den".
Bilduren arabera, PSOEk "bizkarra eman dio Nafarroako gizarteari, baita Parlamentuko gehiengoari ere, zeinek egoera honi amaiera emateko konpromiso argia hartu zuen ostiralean bertan". Mozioa ez aurkezteko erabakia "Nafarroatik kanpoko interesen ondotik" datorrela eta PSOEren "interes alderdikoiei" erantzuten diela uste du koalizioak.
Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko parlamentariak azaldu du ez dagoela "zirrikiturik" zentsura mozio bat aurkezteko eta, zentzu horretan, PSOEren oharrak "aterabiderik" ez duela uzten. "Zentsura mozioaren posibilitatea teknikoki agortuta dago", esan du Zabaletak, eta erantsi soilik PSNk PSOEri jaramonik egingo ez balio legokeela zabalik zentsura mozioaren aukera. "Oldartu egin beharko lukete horren aurka eta PSOEtik atera, eta horrek ezinezkoa dirudi". 2007ko egoerarekin parekatu du egungoa Zabaletak, eta "zentralismoaren ostikadatzat" jo du PSOEren erabakia.
Nafarroako Gobernuak txalotu egin du PSOEren erabakia, eta nabarmendu du PSOEk "koherentziaz" jokatu duela. Juan Luis Sanchez Muniain gobernuko bozeramailearen esanetan, gobernuak PSOEren erabakia "lasaitasunez" jaso du, eta "errespetua" azaldu du. Halaber, uste du PSNk eta UPNk "oinarrizko gaietan" ados jarri beharko luketela, "zaila dirudien arren".
Manu Aierdi Geroa Baiko parlamentariak kritikatu du PSOEren erabakia "Nafarroatik kanpo" hartutakoa dela eta "nafarrenak ez diren interesei" erantzuten diela. "Larritzat" jo du erabakia, Nafarroako egoera "jasanezina" delakoan.
Ezkerrako parlamentari Jose Miguel Nuinek, berriz, PSNri eskatu dio PSOEren erabakiari jaramonik ez egiteko eta zentsura mozioa aurkezteko asmoari eusteko. Nuinen ustez, PSOEk "Nafarroako krisi politiko eta instituzionalaren errealitatea kontuan izan gabe eta Nafarroarenak ez diren interesen arabera" hartu du erabakia.
PSOEren "koherentzia" txalotu du PPNko presidente Enrique Martin de Marcosek, iritzita mozioa "gezurrezko eta asmo txarreko ondorioetan" oinarritzen zela.
EAJk, berriz, PSOEri egotzi dio hauteskunde inkesta baten berri izan ostean hartu izana zentsura mozioa ez aurkezteko erabakia. Koldo Mediavilla EAJko Harreman Instituzionaletako idazkariak esan du "begirada PSNren egoitzara" itzuli beharra dagoela, "Roberto Jimenez baita zentsura mozioa aurkeztu dezakeena, ez Rubalcaba".
Izquierda Unidako koordinatzaile Cayo Larak harrigarritzat jo du PSOEk Barcinaren aurkako zentsura mozioa ez aurkeztea, baina esan du ez duela Ezkerran "borondaterik" ikusten iniziatiba hartzeko. "Ados gaude mozioarekin, baina ez dut informaziorik pentsatzeko gure erakundeak aurkezteko borondatea duenik", azaldu du.