udaL ETA FORU HAUTESKUNDEen ondorena

PSNk oposizioan ikusten du bere burua

Ez du baztertu Uxue Barkosen inbestidura babestea, EH Bildu ez badago gobernuan. Barkosek ez du gustuko EH Bilduk zein PSNk "betoa" ezarri nahi izatea elkarrizketetan.

Geroa Bai eta PSNko ordezkariak, gaur, bi alderdien arteko bileran. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko maiatzaren 29a
13:45
Entzun

"Gure zoritxarrerako, bosgarren indarra izanda, umiltasunez, oposizioan ikusten dugu geure burua". Geroa Bairekin bildu ostean, Maria Txibite PSNko zerrendaburuak ezezkoa eman dio UPNko Jose Javier Esparzak gaur egindako eskaintzari. Esparzak PSN eta Ezkerrari gobernua osatzea proposatu baitie.

11:30ean, ordubete pasako bilera egin dute Geroa Baiko eta PSNko ordezkariek. PSNren aldetik, Txibite, Santos Cerdan eta Samuel Caro izan dira.

Bileran Txibitek jakinarazi dio ez dutela nahi "Bildu gobernuan egotea". Datozen egunetan, alderdien artean proposamenak trukatu eta urratsak egin ahala, zer egin erabakiko dute. Ez du baztertu Uxue Barkosen inbestidura babestea, EH Bildu ez badago gobernuan.

PSN negoziazioetan egongo ote den galdetu diote: "Hori ez dugu guk erabaki behar. Guk ez dugu Bildu gobernuan egotea nahi, eta mahai gainean jarriko ditugu gure lehentasunak eta gure marra gorriak".

Barkos: "Elkarguneak badaude"

Geroa Baiko presidentegaiak jakinarazi du “anbizioz” jokatu nahi duela hurrengo lau urteetan PSNren zazpi parlamentariek aldaketaren aldeko ekarpena egin dezaten. "Programan, elkarguneak daude, eta, ondorioz, aukera argiak daude aurrera begira elkar topatzeko. Lana ez da soilik gobernua osatzea, baizik eta parlamentua lau urtez gizartearen zerbitzura izatea".

Barkosen arabera, PSNren erabakia izango da erabakitzea aldaketaren zereginetan inplikatzea. Galdetu diote, hain justu, PSNk erabakia gainerako alderdien esku utzi duela. "Pilota parlamentuaren eskuetan dago, herritarrek hala erabakita", erantzun du.

Haren esanetan, lehen urratsa da programari begira "alderdi bakoitza non dagoen ikustea". Haren ustez, gizartearen beharrei erantzuteko politiketan (enplegua, egonkortasun ekonomikoa, osasuna  eta hekuntza...) adostasun handiak egon daitezke: “Bila dezagun lehenik batzen gaituena, aurkituko dugulako bereizten gaituena”. Haren irudiko, "etxea altxatu aurretik oinarriak hitzartu behar dira".

EH Bilduk eta PSNk aldez aurretik argi utzi dute ez dutela bata bestea gobernuan ikusi nahi. "Ez dut gustuko batzuek eta besteek hasieratik beto modukoak ezartzea". Gaineratu du bi alderdiek jasotako babesak "errespetua" merezi duela eta horregatik ez dela marra gorriak ezartzearen aldekoa. "Nafarroako gobernu hipotetiko batean EH Bildu egongo ote den edo ez ikusiko dugu datozen negoziazioetan. Jakina, ez dugu aukera hori ixten. Ez dugu aukera hori inoiz itxi".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.