PSOEk dio Bildu «oraingoz» ezin dela legez kanpo utzi

Bilduko ordezkariak instituzioetatik kanpo uztearen alde UPNko Salvadorrek egindako interpelazioak ika-mika eragin du«Inteligentziaz» aritu eta baketzea erraztu behar dela adierazi du Ramon Jauregik

Erredakzioa
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bildu hizpide hartuta ika-mika izan dute Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetzako ministroak eta Carlos Salvador UPNko diputatuak Espainiako Kongresuan. Salvadorrek interpelazioa egin zion Espainiako Gobernuari atzo, Bildu legez kanpo uzteko beharra plazaratzeko. Espainiako Gobernua Bilduren ekimen bakoitza «zehatz, zorrotz eta puntualki» aztertzen ari dela erantzun zion Jauregik. PSOEko gobernuak ez duela legea inondik inora urratzea onartuko adierazi zuen, baina eskura dituen «txosten juridikoak» oinarri hartuta «oraingoz» ez dela posible Bildu udaletxe edo diputazioetatik kanporatzea.

Salvadorrek «ETAren gauza bera denak» legea bete dezan zer egingo duen galdetu zion gobernuari. Estatuko zerbitzu juridikoak eta Fiskaltza lan horretan ari direla zehaztu zuen Jauregik, «atzean zer dagoen oso kontziente direlako». Konstituzioa eta legeak zorrotz betearaziko dituela gaineratu zuen ministroak; «izan erregearen erretratuekin, izan banderekin, edo udaletako ebazpenekin». Bide horretan dagoeneko hogei ekimen egin direla; bai segurtasun indarren parte hartzearekin, bai Bilduk zuzendutako udalen erabakiak inpugnatuta. «Seguru nago epaitegiek zigortuko dituztela araua haustendutenak», adierazi zuen Jauregik. Areago, iruditzen zaien kasuetan legea aldatzen jarraitzeko aukera mahai gainean dutela iradoki zuen: «bizkartzainen auzian legea aldatzeko prest geunden».

Fenomenoa geldiarazteko

Bildu fenomenoa geratu beharra dagoela ere adierazi zuen UPNkoak.«ETAren aldeko jarrera dutenen fenomenoa» gehiago zabal ez dadin gainontzeko alderdien artean akordioak sustatzeko planik egin duen eta «gorrotoaren ideologiei aurre egiteko pedagogia politikoa» egitea pentsatu duen galdetu zion Espainiako Gobernuaren ordezkariari Salvadorrek.

ETAren biktimek «eredu sobietar autoritariotik» babesteko zer egingo duen zehazteko ere esan zion UPNkoak. Izan ere, haren ustez, «Euskadi eta Nafarroa demokrazia aurreko salbuespen egoera bizitzen ari dira, eta Bildu etsai zoragarria da».

Bildu auzitegiek legeztatu eta herritarrek aukeratu dutela ohartarazi zuen Jauregik; eta, alderdien akordioek utzi dutela egungo mapa. Salvadorri ez zitzaion erantzuna gustatu: «Harritu egiten nau auzitegiek debeku eskaera babestu ez izanak mindu ere ez bazaituzte egin».

Gainera, «ETAk azkar ikasten duela» esan, eta Espainiako hauteskundeen ondoren Bildu Espainiako Kongresuan egongo dela ziurtzat eman zuen UPNkoak; talde propioa izango duela, gainera. «Informazio eta finantziazio gehiago izango du!», ohartarazi du Salvadorrek.

«Sekula baino gertuago»

Jauregik, «hausnarketa pertsonala» egin behar zuela esan, eta «mehatxu sentipen» horrekin ez datorrela bat esan zion UPNkoari. «ETA behin betiko desagertzetik sekula baino gertuago egon gaitezke». Hala izan dadin, «inteligentzia, batasuna eta irmotasuna» behar direla esan zuen: «Irmotasuna demokraziari inork isekarik ez egiteko, eta demokraten batasuna bake prozesu delikatu honi elkarrekin eusteko». Baina «inteligentzia» ere beharrezkoa izango dela azaldu zuen, «hau indarkeria amaitzeko aukera paregabea dela ulertzeko; negoziazio eta ordainsari politikorik gabe amaitzeko, demokrazia garaile izateko».

Haratago ere joan zen Jauregi: «Inteligentzia behar da azaltzeko agian ez dagoela beste amaiera posiblerik; inteligentzia, ez duela ETA gehiago nahi esaten ari den mundu horretan mugimendu batzuk errazteko; zeren, gustuko ez dugun modu batetan esaten ari den arren, hori da esaten ari dena».

Amaiera errazten lagundu

ETAk, duela bi urtetik, ez duela ez atentaturik ez kale erasorik egin eta ez duela iraultza zerga eskatu gogoratu zuen Jauregik. Eta, hori, «Poliziaren eraginkortasunari, inteligentzia politikoari eta demokraten batasunari esker» lortu dela adierazi zuen. Egoera horren aurrean, «tinkotasunez eta inteligentziarekin» jokatzeko deia egin zuen Espainiako Gobernuko ordezkariak; «ez gaitzatela engainatu, baina horrek indarkeriaren amaierara eraman gaitzala erraztu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.