Hona hemen Maria Solana Hezkuntza kontseilariak izango dituen erronka nagusiak:
D eredua zabaltzea. Eremu ez-euskalduneko eskola publikoek ja badute D ereduan jarduteko era: Mendozaren jardunak utzi duen aldaketa nabarmenenetarikoa da. Hautu hori egin duten eskolen kopurua apal xamarra izan da igaro bi ikasturteetan, baina apurka gora doa: iaz, ikasturte hasieran hiru eskola publikotan lortu zuten horretarako gutxieneko ikasle kopurua: Tafallan, Lodosan eta Caparroson. Aurten, zortzi izango dira: Antzinen, Allon, Caparroson, Lodosan, Noainen, Erriberrin, Tafallan eta Zudairin. Adi erreparatu beharko zaio bilakaerari, eta aldaketaren kontrakoen jokaerei: UPN eta PPN, bereziki, oso gogor ari dira.
Lan eskaintza publikoa. Mendozaren agintaldiko gai gatazkatsuenetarikoa izan da. Langileei eginiko hizkuntz eskakizunen harira, agerian geratu dira laukoa osatzen duten alderdien barruan gaiaren inguruan dauden desadostasunak, eta agerian geratu da, halaber, euskaltzaleentzat apalegia dena eskari hanpatua dela hizkuntza politika lehengoan nahi dutenentzat; deialdian eskainitako lanpostuei so, berriz, sindikatuak kontra daude: urriegitzat dituzte. Afapna sindikatuaren helegite baten harira, kolokan daude lan eskaintzako 108 euskarazko postuak, eta horrek egiten duen bideari ere adi erreparatu beharko zaio. Irakasleen zerrenda bakarra egiteko asmoa azaldu du Hezkuntza Departamentuak: hori nola egiten den ere aztertu beharko da.
PAI. Aurreko legealdian UPNk sustatutako ingelesezko PAI hizkuntza eredua ehun ikastetxetan baino gehiagotan indarrean dago; hori nola kudeatu izango da beste erronketako bat. Bada arazo bat, gainera: egun PAI ezin da behar bezala aplikatu, eskolak ingelesez emateko gaitasuna duten irakasleak falta direlako, eta, legez, Nafarroako Gobernuak ezin duelako ingelesezko lan deialdirik egin. Hortaz, arazoa puzten ari da urtero-urtero.
LOMCE. LOMCEren aurkako eskeak Solanak nola bideratzen dituen ikusi beharko da: legearen araberako ebaluazio sistema osoa ikasturte honetan«bete-betean» ezarriko dela eta, planto egiteko deia eginda dago hainbat sektoretan, eta ikusgai dago gobernuak zer jarrera izango duen.
PUNTUZ PUNTU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu