Purroy:«Nehork ez zuen eman une historiko hari zegokion maila»

Kazetariak 2004an eman zizkion Anai Arteari Monzon, Argala eta Yoyesen eskutik jasotako aktak

Aitor Renteria.
Angelu
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Xibertako bilkuretan parte hartu zuen Mirentxu Purroy kazetariak. Bilkura haiei buruzko iritzi zorrotza du Purroyk. «Nehork ez zuen eman une historiko hari zegokion maila politikoa».Kazetari gisa hartu zuen parte bilkuretan, nahiz eta kazetari zela jakitean, bertan bildutakoek oharrak hartzea eragotzi zioten. Hala ere, bertan egotea baimendu zioten. Bosgarren bilkura egin eta astebetera, Telesforo Monzon, Jose Miguel Beñaran Argala eta Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en eskutik jaso zituen grabaketen aktak. Geroztik, banketxe bateko kutxagotor batean atxiki zituen. 2004an Anai Arteak omenaldia egin zion Monzoni, eta aktak elkartearen eskuetan utzi zituen Purroyk, argitaratu ahal izateko.

Bilkura haien porrota azaltzeko, bi elementu nabarmendu ditu Purroyk. Bilkuran parte hartu zuten lau alderdi legezkoak ziren, eta gainerateko zortziak legez kanpokoak. Bertze alde batetik, amnistia osoa eskatzea hauteskundeetara aurkezteko baldintza gisa.

«Baldintzak betetzen ez baziren hauteskundeetara ez aurkezteko proposamena aipatu bezain laster hautsi zen bilkura hura», dio Purroyk. Ezin-ulertu hura gainditzeko ahalegina egin zuen Monzonek, gutxieneko adostasuna lortu nahirik bertan bildutakoen artean. Bilkura paraleloak antolatu zituzten, Suarezekin harreman zuzena edukitzeko.

Ordezkariak hautatu zituzten, baina denbora berean euskal eragileen arteko mesfidantza nagusitu zen. «Konturatu ziren Xibertako ordezkaritza albo batera utzita eragile batzuek aldebiko harreman zuzena zeukatela Suarezekin, horien artean Juan Mari Bandresek». Presoak libre gelditzea negoziatzen ari zela dio, baina ez taldean, baizik eta pertsona bakoitzaren egoeratik abiatuta. Gisa horretara, amnistiaren aldarria indargabetzea lortu nahi omen zuen.

Frankismoaren ondotik irekitzen zen jokalekuan kokatzeko irrika edo gutizia leporatzen die Purroyk han bildutako askori. Xibertara heldu aitzin eragile gehienek akordioak loturik zeuzkatela jakinarazi du. «Monzonek bilkurara deitu izan balu Franco hil eta berehala, ziurrenik bertze bat zatekeen Xibertako bilkuren emaitza». Eragileek hilabete zeukaten erabakitzeko, denbora laburregia adostasuna lortzeko. Euskal Herriaren aldarria aho batekoa izan balitz emaitza bertze bat izanen zela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.