EUSKARA

Rajoy, Urkijok hizkuntz irizpideak salatu izanaz: "Norbaitek babestu beharko ditu herritarrak"

Espainiako Gobernuaren ordezkaria "legea betetzen" ari dela esan du gobernuburuak. Eskari bat egin dio EAJri hizkuntz irizpideen harira: "Ez da komeni uztea muturrekoek manipula zaitzaten".

Rajoy, Espainiako Senatuan, gaur. J. LIZON, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko apirilaren 22a
12:31
Entzun

Jokin Bildarratz EAJko senatariak eraman du hizkuntz irizpideen gaia Espainiako Senatura. Gipuzkoako udal batzuk ari dira kontratazioetan hizkuntz irizpideak ezartzen, eta horien aurka auzitara jo du Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariak. Salaketa bidegabeak direla ohartarazi du Bildarratzek, eta zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko eskubidea defendatu du.

Rajoyk, ordea, Urkijoren lana goraipatu du. "Legea betetzeko betebeharra du". Gobernuburuak azaldu du euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela herritarrek, eta inor ezin dela "diskriminatu" hizkuntza bat edo beste erabiltzeagatik. "Eta hori egin dute udal batzuek, gobernu ordezkariaren ustez". Urkijo bere lana egiten ari da, Rajoyren esanetan. "Ez dago euskararen aurkako erasorik edo euskararekiko errespetu faltarik".

Herritarren eskubideak ahotan hartuta defendatu du Rajoyk udalak auzitara eraman izana. "Herritarrek dituzten eskubideak defendatzen ari da [Urkijo]. Herritarren eskubideei kalte egiten zaienean, norbaitek lagundu behar die, norbaitek babestu behar ditu, eta eskubide horiek errespeta daitezen saiatu".

Espainiako Gobernuak berretsi du "legez kanpo" ari direla Gipuzkoako udal batzuk, kontratuetan enpresa batzuk "diskriminatzen". Hala ere, "gustatu edo ez", auzitegiek esaten dutena onartuko dutela esan du Rajoyk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.