Jeloskor zegoen, eta alkohola eta kokaina hartu zituen. Tesi hori defendatu du Clara Rangelen ustezko hiltzailearen abokatuak epaiketa hasi aurreko azalpenetan. Haren arabera, hilketaren aurreko egunean ez zuen lorik egin, drogak hartu zituelako. Horrenbestez, absoluzioa eskatu du harentzat. Akusazioek 35 urte arteko zigorrak eskatu dituzte.Epaiketa gaur hasiko da. Ustezko hiltzaileak deklaratuko du lehenbizi.
Rangel 2008ko abenduaren 29an hil zuten Errenterian (Gipuzkoa), labankadaz. Haren bikotekide ohia atxilotu zuten, hilketa egotzita. Erietxean atzeman zuten, bere burua zauritu baitzuen. Ustezko hiltzaileari aurre egiten saiatu ziren haren anaia eta Rangelen seme zaharrena, eta haiek ere zauritzea leporatzen diote akusatuari.
Atzo osatu zuten zinpekoen epaimahaia. Lau ordutik gora behar izan zuten 11 kideak aukeratzeko. Ondoren, aldeek hartu zuten hitza, beren tesiak azaltzeko. Akusatuaren abokatuak libre uzteko eskatu zuen. Haren arabera,«behin-behineko buruko nahasmendua» zuen akusatuak. «Alkohola eta kokaina hartu zituen. Kokaina maiz kontsumitzen zuen, eta, horren ondorioz, sudur hezurra zulatua zuen». Gainera, gogorarazi zuen Rangelen seme zaharrenak berak aitortu zuela ustezko hiltzaileak eskizofrenia zuela.
Akusazioek 35 urte arteko zigorrak eskatu dituzte. Fiskalak ondorengoa argudiatu zuen: «Erasoa oso bortitza izan zen. Biktimak ez zuen defendatzeko modurik izan. Gainera, anaiak aurre egin izan ez balio, andrearen seme zaharrena ere hilko zuen». Seme-alabei eragindako kaltea ekarri zuen gogora. «Txikienek ez dute gogoratzen ama».
Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Aurkako Ordezkaritza Bereziko abokatuak ere hori defendatu zuen. «Alkoholaren eta kokainaren kontsumoak bakarrik ezin du halako gertaera larri bat azaldu. Ezin dute zigorra saihesteko argudio edo arrazoi izan», esan zuen.
Akusazio partikular gisa aurkeztu da Rangelen seme zaharrena. Haren abokatuak argi du zer esango duen gaur akusatuak. «Ez dela ezertaz gogoratzen esango du. Onartezina da».
Elkarretaratzea atarian
Errenteriako emakume taldeek deituta, elkarretaratzea egin zuten epaitegi atarian. Justizia eskatu zuten Rangelentzat eta haren senideentzat. Han izan zen, besteak beste, Errenteriako alkate Julen Mendoza.
Errenteriako Udaleko Berdintasun Kontseiluak oharra kaleratu zuen atzo. Babesa azaldu zien Rangelen senide eta lagunei. Gainera, gogorarazi zuen emakumeen aurkako indarkeria «egiturazkoa» dela, eta gizarte osoaren esku hartzea behar dela hari aurre egiteko. «Indarkeria sexistari aurre egiteko ditugun baliabide guztiak modu integral eta koordinatuan jarri behar ditugu funtzionatzen, emakumeei babesa eskainiz eta biktimizazioa saihestuz. Gure herrian ez dugu jarrera matxistarik onartuko. Are gutxiago, emakume izateagatik pertsona bat hiltzea».
Rangelen ustezko hiltzailea drogak hartuta zegoelakoan, absoluzioa nahi du defentsak
Gaur deklaratuko du akusatuak; 35 urte arteko zigorrak eskatu dituzte harentzat akusazioek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu