Urriaren 21eko hauteskundeak «erabakigarriak» izango dira, PPren ustez. «Inoizko garrantzitsuenak, ziurrenik», Mariano Raxoi PPko eta Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan. Zirt edo zart egiteko bozak izango dira, «hausturaren» eta «egonkortasunaren» artean hautatu beharko dutelako boto-emaileek haren iritzian. Independentzia ahotan hartuta, beldurraren mamua astindu zuen atzo Gasteizen, ehunka militanteren aurrean eginiko ekitaldi politiko batean: «Inora ez doan bideari ekin diotenei esan behar diegu PP betiko tokian dagoela, Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatua babesten».
Antonio Basagoiti lehendakarigaiak, Iñaki Oiartzabal Arabako zerrendaburuak eta Javier Maroto Gasteizko alkateak ere ideia bera errepikatu zuten oholtza gainean hitz egin zutenean. «Urriaren 21ean asko dugu jokoan, eta hautua egin beharko da: orekaren, moderazioaren eta elkarbizitzaren eta liskarraren, Kataluniaren eta Batasunaren artean», adierazi zuen Basagoitik.
Jeltzaleen eta sozialisten aurka jo zuten bereziki PPko ordezkariek. EAJri «joko arauak» apurtu nahi izatea eta «hausturaren» bidez «Euskadiri eta Espainiari kalte egitea» leporatu zioten; PSEri, berriz, «ausardiarik» ez izatea eta nazionalisten eskaerei «men» egitea. Erdibidean, «orekaren» bila,PP dagoela esan zuten. Izan ere, euren burua euskalduntzat eta espainiartzat daukatenen botoak eskuratu nahi ditu PPk datozenhauteskundeetan, eta horiei mintzatu zitzaien Raxoi hitzaldian:«PPk euskaldunen eta espainiarren arteko elkarbizitza nahi du. Europan jarraitu nahi dugu, eta horrela pentsatzen duten herritarren %51ri PPri botoa emateko eskatzen diet».
Datorren legealdirako hiru lehentasun dituztela azaldu zuen PPko presidenteak, halaber. Lehenik, ETAk desegin behar duela esan zuen: «Ez dugu ezer negoziatuko; legeak eta zuzenbide estatuak baino ez dute balio». Bigarrenik, «egonkortasun politikoa» lortzen saiatuko direla agindu zuen, «zentzuzkoena» delako eta ezegonkortasunak krisialditik ateratzeko ez duelako balio. Eta, hirugarrenik, ekonomiaren hazkundea eta enplegua sortzeko lan egingo dutela azaldu zuen; horretarako erreforma gehiago egiten jarraitu dutela dio Raxoik, hori delako «erantzukizunez» jokatzea.
Botoa emateko deia
Hauteskundeetarako atzera kontua hasi da PPrentzat, eta datozen hiru asteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «herri eta txoko guztietan» egon nahi du, ahalik eta PP «indartsuena» lortzeko. Horrela esan du Basagoitik: «Euskal politika baldintzatzeko adina boto lortu behar dugu, indartsu baldin bagaude oreka eta normaltasuna ekarriko ditugulako». Kataluniara begira ere jarri da PPko lehendakarigaia, Euskal Herriak independentziaren bidea hartzearen beldur baita. Hala, PPko boto-emaileei eskatu die «Euskadik Kataluniako bideari ekin ez diezaion» lagundu dezaten: «Ezinbestekoa da urriaren 21ean botoa ematera joatea».
Oiartzabal, berriz, «harro» azaldu da PPrekin, «egia esaten duen alderdi bakarra» delako eta «batasuna» bilatzen duelako. Euskal politikara «aldaketa» ekarriko duen alderdi bakarra ere bada PP, PSE «koldar» aritu delako azken hiru urteotan haren esanetan: «PSEk amore eman du, eta erakutsi du ez dela benetako alternatiba bat. Ez dute ausardiarik izan aldaketak egiteko, eta guri dagokigu orain haiek egin ez dutena egitea».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Raxoi: «Betiko tokian gaude, konstituzioa babesten»
Independentziaren bidetik «haustura» nahi dutenen aldean PPk «egonkortasuna» eskaintzen duela esan du Raxoik Gasteizen«PPk indartsu egon behar du, politika baldintzatzeko», adierazi du Basagoitik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu