«Ez dut inoiz negoziatu ETArekin, eta nire jarrera ez da aldatuko orain. Demokraziak eta legediak jazarri egin behar diote ETAri, hura existitzen den bitartean». Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, «sekula» ez du hitzarmenik egingo ETArekin. Raxoik, beraz, uko egin dio NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak igaro den ostiralean egindako eskaerari. NEBek alde guztiei harremanak hasteko eskatu zien. Raxoiren arabera, ordea, ETA desegitea da «hau guztia amaitzeko modu bakarra». Bestalde, esan du ez duela asmorik indarrean dagoen espetxe politika aldatzeko,eta «legea betetzen» segituko duela presoen gaian.
Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak, berriz , berretsi du haren alderdia ez dela eseriko NEBekin. Basagoitiren ustez,«bakeari prezioa» jartzea esan nahiko luke batzordearekin biltzeak; PP ez dago prest ETAri «sari politiko bat» emateko, armak uzteagatik. Basagoitik NEBi eskatu dio ETAri armak entregatzeko exijitzeko, «zerbait praktikoa» egin nahi badu. «ETAk nahi duenean, armak entregatu eta desegin egin daiteke. Ez du behar inolako egiaztatzailerik horretarako». Basagoitik kritikatu egin du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin elkartu izana.
Raxoik adierazi du ETArekin inoiz ez duela akordiorik egingo
Basagoitiren ustez, bakeari «prezio bat» jartzea litzateke PP Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin biltzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu