auzitegiak

Raxoik eta Rubalcabak ekaina bukatu baino lehen berritu nahi dute Auzitegi Konstituzionala

Sorturen eta 'Parot doktrinaren' aferak auzitegi hartan daude egun. Espainiako gobernuburuak eta PSOEko idazkari nagusi berriak lau orduko bilera egin dute Moncloan.

2012ko otsailaren 15a
20:47
Entzun

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak gaur Moncloan hitzartu dutenez, ekaina amaitu baino lehen berritu nahi dute Auzitegi Konstituzionaleko organo nagusia, Rubalcabak jakinarazi duenez. Euskal auziko bi gai garrantzizko daude uneotan Konstituzionalean: Sortu ezker abertzaleko alderdiaren babes helegitea —Gorenak ez zuen Sortu erregistratu— eta Parot doktrina —presoei zigorrak luzatzea ahalbidetzen dien araua—.

Lau orduko bilera egin dute Raxoik eta Rubalcabak, 13:30etik aurrera. Hedabideen aurrean PSOEko buruak baino ez du hitz egin ondoren.

Besteak beste, ETAk jarduera armatua bukatu osteko egoera berriaz hitz egin dutela uste da. Rubalcaba bera Espainiako aurreko bi legealdian Barne ministro izan zen —2006ko apiriletik 2011ko uztailera—.

Euskal auziko bilera sailan, Raxoik azken asteetan Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea eta Antonio Basagoiti EAEko PPko burua hartu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.