Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentea Antonio Basagoiti EAEko PPko buruarekin bilduko da datozen egunetan, ETAk jarduera armatua bukatu osteko egoera nola kudeatu aztertzeko, PPko iturriek azaldu dutenez. Raxoi Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu zen joan den astean, eta herenegun Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea hartu zuen Moncloako jauregian, Madrilen. Euskal Herriko egoera politikoa aztertzeko abiatu duen bilera sorta Basagoitirekin jarraituko du Espainiako gobernuburuak. Berri agentziek aipatutako iturri horiek ez dute zehaztu Raxoik beste alderdi batzuekin biltzeko asmoa duen edo ez.
EAEko PPk dioenez, ETAren bukaera kudeatzeko PSE-EE, EAJ eta PPren arteko «lidergo partekatua» sustatzeko proposatuko dio Basagoitik Raxoiri. Azaldu dutenez, konponbide prozesuaren agenda ezker abertzalearen esku ez uztea da helburua. Hori hala, alderdi horiekin dituzten harremanak aztertuko dituzte PPko bi agintariek.
Horrez gain, euskal presoen auzia eta ETAren «desarmea» nola kudeatu izango dituzte mahai gainean, PPko iturriek azaldu dutenez. Azken adierazpen publikoetan, Basagoitik adierazi du «garrantzitsua eta premiazkoa» dela ETAk armak entregatzea eta egindako kaltea aitortzea. Espetxe politikaren alorrean presoek ez dutela «inolako oparirik» izango nabarmendu du PPko buruzagiak.
Basagoiti Patxi Lopez eta Iñigo Urkulluren ondoren bilduko da Raxoirekin. Lopezek euskal presoak hurbiltzeko eta ezker abertzalea legeztatzeko eskatu zion Espainiako gobernuburuari. Urkulluk normalizazioa eta elkarbizitza lortzeko adostasuna eskaini zion agintari kontserbadoreari.
EAJ eta PSE-EE, «urduri»
Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak, berriz, «urduri» ikusten ditu EAJko eta PSE-EEko buruzagiak. Uste du hauteskundeei begira eta «itota» daudela ETAren jardun armatuaren osteko egoera berrian. Semperren arabera, bi alderdi horietako kideek ezker abertzalearen gustua egin nahi dute. Haren iritzian, EAJk eta PSE-EEk ezker abertzalearen agendari «jarraitzen» diote. «Eta hori arriskutsua izan daiteke», nabarmendu du. Hori hala, «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu die, eta eskua luzatu die PPrekin batera egoera berria kudeatzeko. «Itxaropentsu egoteko arrazoiak ditugu, baina zuhur jokatu behar dugu egoera honetan», esan du.
Raxoirekin bilduko da Basagoiti, egoera politikoa aztertzeko
Lidergoa EAJrekin eta PSOErekin partekatzeko eskatuko dio PPko buruak Espainiako gobernuburuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu