Raxoirekin negoziatzen hasteko baimena eman dio UPNk Barcinari

Juan Jose Lizarbek adierazi du «oso zaila» dela PSNri izatea leial Nafarroan eta PPri Kongresuan

Jimenez eta Barcina, Nafarroako Gobernua osatzeko ituna izenpetu zutenean. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Joan den ostiraletik Nafarroako eta UPNko lehendakari Yolanda Barcinak Miguel Sanz lehendakari ohiarekin eduki duen pultsuan lehenari eman dio garaipena UPNren Batzorde Eragileak. Nafarroan «abertzaleen garaipena eragozteko» hurrengo Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan PPrekin batera aurkezteko aukera negoziatzen hasteko baimena eman dio batzorde eragileak Barcinari.

Espainiako PPko lehendakari Mariano Raxoirekin balizko aliantzaz mintzatzeko hiruko talde bat izendatu du UPNk: Barcina bera eta UPNko lehendakariorde Alberto Catalan eta idazkari nagusi Carlos Garcia Adanero dira.

UPNk, dena den, muga bat jarri dio balizko itunari: Kongresuan «ahots propioa izatea eztabaida guztietan».

PPrekin batera joatearen erabat aurka eta Nafarroan sozialistekin duten itunari eustearen alde sutsu agertu da asteburu honetan Miguel Sanz, eta bere burua aurkeztu du Espainiako Gorteetarako zerrendaburu joateko UPNren zerrendan, PPrik gabe. Aldez aurretik pultsua galdutzat jota zeukan Sanzek, ordea, eta horren erakusle Batzorde Eragilearen atzoko bileran agertu ez izana.

«Suarekin jolasean»

Barcinak egindako proposamenakhaserrea eragin du PSNn. Juan Jose Lizarbek «suarekin jolasean» aritzea leporatu zion atzo Barcinari, eta Nafarroako Legebiltzarreko bozeramaile sozialistarentzat, «suarekin dabilenak erretzeko arriskua du».

«Nafarroarentzat lan egin beharrean politika nazionalean jolasteko asmoz egindako planteamendu hori eta gisakoak ez dira batere desiragarriak dugun krisi ekonomikoarekin», azaldu zuen Lizarbek. «Oso zaila da», bozeramaile sozialistaren ustez, Nafarroan PSNri «izatea leial» eta Espainiako Kongresuan PPri. «Hemen nafarrentzat lan egiteko gaude, eta ez apeta pertsonal hutsen bidez politika alderdikoiak egiteko», azaldu du Lizarbek, eta erantsi: «Nabarmena da, Barcinaren kasuan, nahiago duela PPrekin ongi moldatu, aniztasunaren bidetik Nafarroak dituen arazoak konpontzen lan egin baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.