Mariano Raxoiren neskatoa da, dudarik gabe, sareko hauteskunde kanpainako erregina. Makina bat barre eta txantxa eragin du. Buruz buruko lehen eztabaidan Raxoik neskatoa aipatu bezain pronto hasi ziren Interneteko erabiltzaileak lanean. Aste eta erdi geroago Google bilatzailean Raxoiren neskatoa gaztelaniaz idatziz gero, 2.010.000 esteka agertzen dira; Youtuben gauza bera jarriz gero, berriz, 165.
Lehengusuak nahikoa buruhauste ez ote zion eman PPko presidenteari orain neska koskorraren kontuarekin etortzeko? Nondik nora sortu ote zaio Raxoiri ideia hori? Zer lortu nahi ote du?
Raxoi ez da hauteskunde kanpainan neskatila erabiltzen duen lehena. Mexikoko presidente Felipe Calderonek erabili zuen hango hauteskundeetan, eta balio izan zion. Kasualitatez, Raxoiren eta Calderonen kanpainako aholkularia berbera da: Antonio Sola.
Argentinako presidente Cristina Kirchnerrek ere erabili zuen neskatila, eta AEBetako demokraten presidente izateko hautagai Barack Obamak ere erabili berri du Texasko eta New Hampshirko alderdi barruko bozetan.
Raxoiren neskatila ere besteen berbera da. Ematen duen irudia eta igorri nahi duen mezua, ordea, berberak ote dira? Eta besteek lortu duten arrakasta berbera izango ote du? Webean behintzat, onerako edo txarrerako, izan du. Zapatero eta Raxoiren arteko lehen buruz burukoaren hurrengo egunean eztabaidaren inguruko blogak eta webak etengabe joan ziren sortzen. Denen artean izarra, Raxoik hitzaldia amaitzeko bota zuen mezua izan zen: «Espainian jaioko den neskatoak etxebizitza bat, familia bat eta lana daukaten guraso batzuk izatea nahiko nuke...».
Raxoiren neskatoaren beraren hitzak irakur zitezkeen biharamunean Eduardo Madinaren blogean; Madrilgo Carlos delako batenetikhartuak. Raxoiri esatea ahaztu zitzaiona gogoratzen zuen hark, hitzak neskatilaren ahotan jarrita: «Nire gurasoak bi aita edo bi ama badira eurengandik urrun eramango naute. Ikasgairen bat gainditzen ez badut, 'tontoen' gelan jarriko naute. Hamabi urterekin kartzelan sartu ahalko naute...»
Berehala egin zion aipamena Carlos delako horrek Madinaren blogeko testuari: «Eztabaida amaitu zenean hasi eta buka egin nuen testua, Raxoiren istorioaren lotsagabekeriak eta memelokeriak harritu egin baininduen».
Geroztik sareko zoko ugaritan irakurtzen dira argumentu berberak. Blog bat ere sortu diote, eta bertan neskatilaren hainbat aurpegi agertzen dira: Pippi Kaltzaluzerena, Paris Hiltonena, Esperanza Agirrerena...
Bideoen sailean, berriz, ikusiena Rajoydi-rena izan da. 271.115 aldiz izan da ikusia. Marrazki bizidun japoniarreko Heidik antzezten du Rajoydi. Neskatila alaia da, eta zoriontsu bizi da mendian aitonarekin. Rajoydi-ren lurraldean eskuineko gobernua dago, ez da giro txarrik, etorkinek euren kontratua betetzen dute eta inork ez du ETArekin negoziatzen.
Rajoydi-ren bigarren zatia egin dute aurreko igandeko debatearen ondotik. Rajoydi negarrez ari da aitonaren magalean. Triste dago: «Zergatik galtzen du beti Raxoik?», galdetu dio aitonari, eta hark erantzun: «Ez larritu, eztabaida bat besterik ez da izan». Rajoydi-k: «Zer iruditzen zaizu, berriz ere nitaz hitz egin zuelako galdu zuela? Eta zer egingo du igandean?».
Raxoiren neskatila sareko izar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu