Garraio publikoa

Renfek doako 90.000 txartel egin ditu Hego Euskal Herrian irailean, iaz bezainbeste

Gehienak aldirietako trenetarako dira, eta gainerakoak distantzia ertainetarakoak.

Aldirietako tren tren bat, Bilboko Abandoko geltokitik ateratzen. LUIS TEJIDO / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 2a
16:39
Entzun

Energia garestitzearen kalteak arintzeko, Espainiako Gobernuak neurri bat hartu zuen iazko abuztuan, trenean asko ibiltzen diren pertsonen mesederako: aldirietako eta distantzia ertaineko trenetan ibiltzeko doako txartela ezarri zuen. Lau hilerako neurria izan behar zen, 2022ko abendura arte. Haatik, doakotasuna luzatzea erabaki zuten, eta 2023. urte osoan baliatu ahal izan dira abantailaz bidaiariak. Renfe konpainiak kudeatzen ditu tren horiek, eta, gaur zabaldu dituen datuen arabera, urteko azken lauhilekoaren lehenengo hilean doako ia 90.000 txartel egin ditu Hego Euskal Herrian, aldirietan eta distantzia ertaineko trenetan erabiltzekoak.

EAEko datuak batera eman ditu Renfek, batetik, eta Nafarroakoak, bestetik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 87.155 txartel egin dituzte irailean. Urtea amaitu arte erabil daitezke. Horietako 83.231 aldirietarako dira, eta 3.924 distantzia ertaineko trenetarako. Nafarroan, berriz, ez dago berez aldietarako zerbitzurik, eta distantzia ertaineko trenetarako 4.017 txartel egin dituzte irailean.

Urteko bigarren lauhilekoan, maiatzaren 1etik abuztuaren 31ra, 3.841 doako txartel egin zituen Nafarroan.

Iaz, irailean, 92.236 abonu egin zituen Renfek; beraz, ez da gorabehera handirik egon doakotasunaz baliatu den jendearen kopuruan. Aldirietan, 80.014 egin zituzten iazko irailean.

Erraz eta azkar lor daitezke txartelak. Horretarako, Renferen aplikazioa deskarga daiteke sakelakoan, QR kodea lortu, eta hori erabili gero geltokietara sartzeko. Bestela, geltokietan dauden makinak erabil daitezke. Bi kasuetan, diruz edo bankuko txartel bidez ordaindu daiteke bermea. Izan ere, aldirietarako txartela ateratzeko, 10 euroko bermea ordaindu behar da, eta 20 euro, berriz, distantzia ertaineko trenetarako. Lau hilean gutxienez 16 bidaia eginez gero, Renfek diru hori itzuli egingo dio bidaiariari. Bankuko txartelarekin erosiz gero, automatikoki itzultzen dute dirua norbere kontura. Eskudirutan ordainduz gero, geltokietan eskatu behar da itzultzeko.

Abenduaren 31 arte egongo dira indarrean urteko azken lau hiletarako txartelak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.