Irailaren 25eko bozetan jarriko ditu indar guztiak ezker abertzaleak, eta hori dela eta, hilabetez atzeratuko dute birfundazio prozesua. Hala iragarri du gaur Sortuko eledun Arkaitz Rodriguezek, alderairen batzarraren osteko agerraldian. Horretarako arrazoiak ere eman ditu: "Irailaren 25ean gobernu eta lehendakari duinak merezi ditugu. Prozesu subiranista abian jarriko duen ezkerreko indar independentista behar dugu Gasteizen". Izan ere, Rodriguezen hitzetan, "ezinezkoa da Espainia demokratizatzea" eta horren "froga" da, orain Madrildik erabaki nahi dutela "nor izan daitekeen lehendakari".
"Trantsizioa deituriko horretatik 40 urtera testuinguru berean gaude: 78ko erregimenean jarraitzea edo behin betiko amaitzea", nabarmendu du Rodriguezek, eta ohartarazi du norabide aldaketa horretan EAJ ez dela alternatiba. "EAJren zuzendaritzaren zain geldituz gero ez da egongo ez akordiorik ez prozesu soberanistarik izango", adierazi du eta Arnaldo Otegiren inhabilitazioaz "baliatzea" egotzi dio Iñigo Urkullu lehendakariari.
Horiek hala, Espainiako Gobernuari "azken aukera" emateko prest agertu da, baina ohartarazi du hark euskal gizartearen gehiengoari entzungor egiten jarrraitzen badu irtenbide bakarra egongo dela, prozesu konstituziogile bat hastea. "Castelaok zioen bezala, Espainia gorria izango bada, aurretik urratu egin beharko da".