Rosario Roman de la Fuente eta bere alabak gaua elkarrekin igaro zuten, Hernanin (Gipuzkoa), eta beste emakume adiskide baten etxera joan ziren, 2011ko uztailaren 3ko goizaldean. Etxe hartara zihoazela, bikotekide ohi bat ikusi zuen Romanek, Freddy Ramiro Apolo Apolo. Gizona kaleko banku batean lokartua zegoen, eta ama-alabek esnatu egin zuten, eta etxera joatea hobe zukeela esan zioten.
Ikusi gehiago
Bi emakumeak adiskidearen etxetik atera, eta taxien geltokira joan zirenean, Romanen bikotekide ohia haien zain zegoen. Labana eskuan hartuta, alabarengana oldartu zen, lurrera bota, eta labana sastakatu zion. Gero Romani eraso egin zion: sei labankada eman zizkion, bularraldean eta bihotzean. Goizaldeko bostak inguru ziren.
Magrebtar jatorriko bi gizon egokitu ziren han, eta aurre egin zioten Apolori, labana kentzen saiatuz. Haiek ere zauritu zituen labanarekin. Alaba salbatu zuten larrialdi zerbitzuek. Labankadek birikak zulatu zizkioten, baina Donostiako ospitalean egonkortu zuten. Roman, ordea, han bertan hil zen, kalean; 55 urte zituen.
Hiru seme-alaba zituen Romanek, eta Donostiako Poliklinikako sukaldean lan egiten zuen. Lankideek elkarretaratze bat egin zuten hurrengo egunean. Hernanin ere protesta handi bat egin zuten.
Hilketak ez zuen harritu Paqui Romero, hildako emakumearen ahizpa: «Banekien biktima bat izango zela. Espero nuen. Salaketak jarri izan zituen, baina beldurragatik kentzen zituen, [Apolok] esaten ziolako umeak hilko zituela aurrena, eta gero bera hilko zuela». Urte hartako maiatzaren 1ean jarri zion salaketa Romanek Apolori. Gero erretiratu egin zuen. Ahizpak azaldu zuen Romanek tratu txarrak jasotzen zituela askotan.
Hiltzaileak bere burua entregatu zuen, uztailaren 3ko arratsaldean bertan. Gizonak eduki zuen genero indarkeriagatik txosten bat irekita, baina 2007an itxi egin zuten txosten hori, azkeneko lau urteetan ez zuelako berriro halako salaketarik jaso.
Epaiketa hiru urte geroago egin zuten, 2014an. Epaileak hamazazpi urteko zigorra eman zion gizonari, Roman hiltzeagatik, eta beste zazpi urteko zigor bat, Romanen alaba hiltzen saiatzeagatik, eta beste bi urteko zigor bat, lesioengatik. Guztira, 26 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra.