Rubalcaba ZIUn dago, gernu infekzio batek eragindako sukarragatik

Gregorio Marañon ospitaleko sendagileek esan dute «egonkor» dagoela, eta ukatu egin dute minbizia duela

Erredakzioa
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehendakariorde eta Barne ministroa Gregorio Marañon ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago, atzo «gernu infekzio batek sortutako sukarraren» eraginez sendagileek hara eramatea erabaki ondoren. Egun osoan sukarrarekin zegoela ikusita, medikuek erabaki zuten hura ZIUn «kontrolatuago» egongo zela. Ospitaleko medikuek atzo arratsaldean jakinarazi zutenez, Rubalcabaren osasuna «egonkorra» da.

Halaber, minbizirik ez duela ziurtatu dute sendagileek, orain dela egun batzuk egin zioten prostatako biopsiak «minbizia eragiten duen zelularik» ez duela argitu zuelako.

Rubalcaba herenegun ospitaleratu zuten, gernu infekzioaren eraginez sukar handiarekin zegoelako. Berez, Elxen (Herrialde Katalanak) maiatzeko hauteskundeetarako Alejandro Soler egungo alkatearen hautagaitza aurkezteko ekitaldian parte hartu behar zuen, Leire Pajin Osasun ministroarekin eta Jorge Alarte PSPVko idazkari nagusiarekin batera; baina, gaizki zegoenez, ez zuen Elxera bidaiatu, eta ospitalera eraman zuten.

Osasuna dela eta, Rubalcabak igandetik bihar arte hitzartuta zeuzkan ekitaldi politiko guztiak bertan behera utzi ditu, eta, haren egoerak hobera egiten ez badu, hurrengo egunetakoak ere atzeratu egin beharko ditu.

Hala, gaur Espainiako Kongresuaren Barne Batzordean izatekoa zen, kriminalitatearen inguruan hitz egiteko, eta bihar Behe Ganberako kontrol bileran parte hartu behar zuen. Biltzekoa zen zenbait politikarirekin harremanetan jarri da Barne Ministerioa, Rubalcabaren egoeraren berri emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.