Antton Troitiño preso ohiak Venezuelara ihes egin duela ukatu du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteorde lehen eta Barne ministroak. Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta gobernuaren informazio zerbitzuek ez dute hipotesi hori esku artean, haren esanetan. Azken egunotan hainbat hedabidek zabaldu dute Troitiñok Rotterdamgo portuan itsasontzia hartuta ihes egin duela Venezuelara.Rubalcabak, baina, ezeztatu egin du hori, eta sinesgarritasuna kendu dio informazioari: «Errealitatetik gutxi dauka, eta nago irudimen bero baten ondorio izan dela argitaratu den istorio hori».
Troitiño berriz atxilotuko dutela ziur da Rubalcaba. Ordea, abian den ikerketaren inguruko daturik ez duela emango esan du: «Ideiarik ez emateko».
Horrez gain, hilaren 13an Espainiako Auzitegi Nazionalak Troitiño aske utzi eta gero PPk Espainiako Gobernuaren aurka egindako kritikak «onartezinak» izan direla salatu du Rubalcabak. Haren hitzetan, ezin da zalantzan jarri «ETAren amaiera gertuago egotea lortu duten epaile eta fiskalen lana». Gainera, gogoratu du PP gobernuan zegoenean antzeko gertaera izan zela Josu Urrutikoetxeak ihes egin zuenean. Orduan, baina, PSOEk gobernua ez zuela kritikatu azpimarratu du Barne ministroak.
Rubalcabak adierazi du Troitiñok ez duela ihes egin Venezuelara
Hori baieztatzeko daturik ez dute Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, Barne ministroak dioenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu