Federico Trillo PPko Justizia arloko arduradunak jakinarazi zuen herenegun, eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak baieztatu atzo: Bilduren zerrenden aurka jotzea hitzartu dute Espainiako Gobernuak eta PPk. «Bilduren zerrenden inguruan azken hitza auzitegiek izango dute». Esaldi horrekin Rubalcabak agerian utzi du EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako zerrendak inpugnatzeko pausoa emango duela Espainiako Gobernuak, Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren bidez, Rubalcabak zehaztu duenez. Hori adostu zuen duela egun batzuk PPren buruzagiarekin.«Segurtasun indarren txostenak jaso ondoren, haiek aztertuko dute Alderdien Legeak zer aukera ematen duen zerrenda horiek inpugnatzeko».
Madrilen elkarri mokoka dabiltzan arren —besteak beste, Terrorismoaren Aukako Ituna haustea leporatu diote batak besteari—, PSOEk eta PPk argi daukate Euskal Herrira begira, eta hauteskundeak jopuntuan dituztela, zein den jarraitu beharreko estrategia. Rubalcabak berak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak eta PPk «sakoneko akordio» bat dute ezker abertzalearekin lotura duen inor «atzeko atetik sar ez dadin instituzioetan».
Jarraitu beharreko prozedura zehazteko, halaber, hainbat bilera egin ditu Rubalcabak azken egunetan. Adibidez, apirilaren 9an Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo saiburuarekin bildu zen Ertzaintzaren Erandioko polizia etxean. Aresek adierazi duenez, Bilduri buruzko «informazioa trukatzeko mekanismoak» adostu zituzten bilera horretan. Jakinarazi duenez, lau egun lehenago Fiskaltzaren eskaera jaso zuen Herrizaingo Sailak Bilduko kideen inguruko txostenak egiteko; Ertzaintza lan horretan ari dela baieztatu du.
Eskubideak abokatuen elkarteak, baina, polizien lana ezbaian jarri du. Abokatu horien ustez, «legez kanpoko datu baseetan» oinarrituta ari dira txosten horiek osatzen. Hori dela eta, salaketak aurkeztuko dituzte.
«Sorgin ehiza»
Bilduk, berriz, Gasteizen eginiko prentsaurreko batean erantzun die Rubalbacabaren hitzei. Espainiako Gobernuak Bilduren zerrendak inpugnatzeko urratsa egingo balu erabaki hori «politikoa» izango litzatekeela adierazi du Antxon Belakortuk, EAko kideak. Hark salatu duenez, ez dago zerrendak baliogabetzeko argudio juridikorik, eta gobernuaren xede bakarra «nola edo hala independetismoa erakundeetan ordezkatuta ez egotea» dela salatu du. Haatik, ohartarazi du ez dutela lortuko Bildu joko politikotik at uztea, normalizazio politikoa erdietsi nahi duen «proiektu demokratikoa» delako. «Nahi adina luparekin begiratu ahal digute, baina ez dute ezer aurkituko». Legez kanporatzeen gainetik, Bildu «etorkizuneko egitasmoa» dela gogoratu du Belakortuk .
Prentsa ohar baten bidez, ezker abertzaleak «egoeraren larria» salatu, eta Espainiako estatua «mozorroa kenduta» independentismoaren aurkako «sorgin ehizan» ari dela adierazi du. Rubalcabak eta Trillok eginiko adierazpenek agerian uzten dute, ezker abertzalearen irudiko,PSOEk eta PPk erabakitzen dutela hauteskundeetan nork parte har dezakeen eta nork ez. Hori hala, botere judiziala erabaki politikoen menpe ari dela salatu du. «Morrontza erabatekoa da».
Antzeko hitzak izan ditu Pello Urizarrek, EAko idazkari nagusiak. Haren ustez, PSOEren eta PPren helburua da «independentismoa suntsitzea» eta, horretarako «eskura dituzten trikimailu eta akordio politiko guztiak» erabiliko dituzte bi alderdiek. «Badakite independetismoak indarra duela euskal gizartean. Euskal Herria estatu arazoa da».
EAJ ere mintzatu da Bildu inpugnatzearen inguruan. Rubalcabak albistea baieztatu aurretik eginiko adierazpenetan, Iñigo Urkullu alderdiko burua haserre azaldu da gobernuak ez diolako akordioaren berri eman. «Gure arteko harremana hain ona bada, deitu izana eskertuko nuke. Halere, badakite zein den gure iritzia: ezker abertzaleak legezkoa izan behar du».
Rubalcabak baieztatu du PPrekin hitzartu duela Bildu inpugnatzea
Bilduk dio PSOEren eta PPren helburua «nola edo hala» euskal idependentismoa instituzioetatik kanpo uztea delaErtzaintza ere Bilduren hautagaiak ikertzen ari dela jakinarazi du Aresek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu