Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde, bozeramaile eta Barne ministroak adierazi du ezker abertzalearen eta ETAren arteko bereizketa nabaritzen hasi direla. Gainera, uste du «desadostasun zantzu horiek demokraziarentzat izugarrizko abantailak» dauzkala. Aste honetan ezker abertzalea eta Sortu alderdia Frantzian izandako tiroketaren aurka azaldu eta gero egin ditu adierazpen horiek Rubalcabak, Bartzelonan.
Haren hitzetan, Espainiako gizartea «terrorismoaren bukaerako bidea» egitean ari da. Gainera, indarkeriaren gaia «ongi bideratuta» dagoela adierazi du, «nahiz eta ezin den ezer ziurtzat jo». ETAren amaiera lortzeko asmoz, egungo politikarekin jarraituko du Espainiako Gobernuak, ministroaren arabera. Hala ere, ez du uste ETAk sekula agiririk aterako duenik indarkeria utzi duela esanez.
ETAren balizko barne zatiketaz informazio bat baino gehiago zabaltzen ari da azken egunotan, eta horri buruz galdetu zioten atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari.Zapaterok ezzuen «espekulaziorik» egin nahi gai horrekin, eta haren aurka lanean jarraituko dutela azpimarratu zuen. ETAren barne hausturaren inguruko hipotesiarekin ez da ari lan egiten gobernua, Zapaterok argitu zuenez. «Demokrazia inoiz baino sendoago dago, eta ETA inoiz baino ahulago». Harne ustez, hori da garrantzitsuena, eta ez ETAk izan ditzakeen asmoei buruz iritziak ematen hastea.
Patxi Lopez lehendakariak ere nabarmendu zuen ez duela hausnarketarik egingo balizko haustura baten inguruan. «Zuzenbide Estatuak terrorismoa borrokatzen jarraituko du», nabarmendu zuen. Ildo horretatik, Legorretan herenegun egindako atxiloketen garrantzia azpimarratu zuen, eta ustez lehergaiak egiteko atzemandako materialarekin «ezer onik» egiteko asmorik ez zutela.
Urkulluren iritzia
ETAren balizko barne haustura baten inguruan oso bestelako iritzia agertu du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak. Haren hitzetan, «ez da zorakeria» ETAren barruan zatiketa baten hipotesia kontuan hartzea, «iraganean halakorik egon izan delako». Hori baieztatzeko daturik ez duela gaineratu du, hala ere. Edozein modutan, zalantzan jarri du erakunde armatuko kide guztien borondatea ote den su-etenak indarkeriaren behin betiko amaiera ekartzea.
«Ez du inolako garaipenik eta lorpenik izan, eta pertsonei mina eta sufrimendua baino ez die eragin 50 urtean; beraz, oso zaila da50 urteko historia hori gauetik egunera amaitzea». Tropical irratiari eskainitako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok Urkulluk.
Rubalcabak dio «bereizketa» nabaritzen hasi direla
ETAren eta ezker abertzalearen artean «desadostasun zantzuak» daudela iritzi dio ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu