Rubalcabak legea aplikatzeko eskatu dio PPri Uribetxeberriaren kasuan

«Pertsonaren integritatea lehenestea» garrantzitsua dela adierazi du Irungo alkate Jose Santanok

Juan Karlos Izagirre, Laura Mintegi eta Martin Garitano, atzo. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Josu Uribetxeberria presoaren kasuaren oihartzuna hedatzen ari da. Hainbat politikarik hizpide izan zuten atzo. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak legea aplikatzeko beharra aipatu du, gaiari buruz galdetu zaionean. «Gobernuari legea aplikatzeko eskatzen diot, eta konbentzituta nago horixe egingo duela. Horrelako egoerak legearekin konpondu behar dira», adierazi zuen atzo Rubalcabak. Jose Antonio Santano Irungo alkate eta PSE-EEko buruzagia urrutiago joan da, Josu Uribetxeberria askatu beharra iradoki duelako. «Halako egoeretan, pertsonaren integritatea lehenestea garrantzitsua da, legeak ematen dituen bitartekoak erabiliz», adierazi zuen atzo Santanok, prentsa agiri baten bidez.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, berriz, argi eta garbi hitz egin du Josu Uribetxeberria eta larri gaixorik dauden beste hamahiru presoak askatzearen alde, Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketan. «Preso horrek aspaldian egon beharko zuen kalean», nabarmendu zuen. «Josuk kalean egon behar du, beste preso askok bezala», gaineratu zuen. Izagirre Donostiako alkatearekin eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera izan zen atzo Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia, Donostian, jaien eremuan. Laura Mintegi ere Josu Uribetxeberriaren egoeragatik kezkatuta azaldu zen, eta aske uzteko nahia azaldu zuen.

Basagoiti eta legea

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak gutxietsi egin zuen atzo Uribetxeberria eta haren elkartasunez laurehundik gora preso egiten ari diren gose greba. «Nire irudiko, euskal herritarren gehiengoari ez dio axola haiekin zer gertatzen den», adierazi zuen Punto Radio irratiari egindako adierazpenetan. Dena den, Basagoiti legea betetzearen alde agertu da, «presoa larri dagoela frogatzen bada». Dena den Basagoitik leporatu zion Uribetxeberria ez aplikatzea lege bera Ortega Larari bahituta egon zenean. «Broma makabroa da Uribetxeberriak eta Otegik gizalegetasunaz hitz egitea, ez baitziren humanitarioak izan terrorismoaren ezein biktimarekin eta, bereziki, Ortega Lararekin», gaineratu zuen Basagoitik.

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak, berriz, «ETA eta bere akolitoen xantaiari» men ez egiteko eskatu zion atzo Espainiako Gobernuari. Maneiroren ustez, gose grebak eta larunbateko manifestazioa«gobernua estu hartzeko saio bat» besterik ez dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.