atxiloketak

Rubalcabak taldeko burutzat jo ditu hiru abokatuak, haien laguntzailetzat beste zazpi lagunak, baina ez du frogarik aurkeztu

"Hau ez da beste operazio bat", dio Barne ministroak. Erramun Landa eta Saioa Agirre Basurtuko erietxera eraman dituzte. Bi haiek, Arantza Zulueta, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza abokatuak, eta Naia Zuriarrain, Jose Luis Gallastegi, Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi eta Joxe Domingo Aizpuruak inkomunikatuta jarraitzen dute. Atzo atzeman zituen Guardia Zibilak, ETAren mezulari izatea, ihesak kudeatzea, etakide berriak lortzea eta 'iraultza zerga'-ren ordainketetan parte hartzea egotzita. Igande arratsaldean manifestazioak egingo dituzte Bilbon eta Donostian.

2010eko apirilaren 15a
19:02
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du Arantza Zulueta, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza abokatuak atzo Guardia Zibilak atxilotutako hamar lagunen taldeko buruak direla, eta beste zazpi lagunak haien laguntzailetzat jo ditu -Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Saioa Agirre, Jose Luis Gallastegi, Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi eta Joxe Domingo Aizpurua-. Bilbon, Hernanin, Sopelan, Gernika-Lumon, Azpeitian, Donostian eta Usurbilen atzeman zituzten.

"Abokatuek zati bat euren lanbideko zereginetarako erabiltzen zuten eta bestea ETArentzat gauza batzuk egiteko", adierazi du gaur Rubalcabak. Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak leporatu diena egotzi die ministroak denei: ETAren mezulari izatea, erakunde armatuko kideen zein laguntzaileen ihesak kudeatzea, etakide berriak lortzea eta ETAren iraultza zerga-ren ordainketetan parte hartzea.

Erakunde armatuari informazioa pasatzea ere leporatu die Rubalcabak, eta berari buruzko informazioa igorri omen zioten, kasu. Dokumentazio asko aurkitu dutela jakinarazi du, baina ez du ezer erakutsi. "Hau ez da beste operazio bat", adierazi du.

Guardia Zibilaren esku jarraitzen dute hamarrek, inkomunikatuta, eta Landa eta Agirre bart Bilboko Basurtuko erietxera eraman behar izan dituzte. Landak gaixotasun larria dauka eta atzo haren sendiak habeas corpus eskaera egin zuen Bilboko Auzitegian, atxilotua ahal den azkarren eraman dezaten epailearen aurrera. Senideek diote Basurtun alta eman diotela.

Euskal presoen eta atxilotuen eskubideen defentsa lanetan aritzen diren abokatuak dira Zulueta, Sarriegi eta Enparantza. Zuriarrain, abokatu horien Bilboko bulegoko langilea da. Agirre, euskal preso baten neska-laguna da eta Etxerat elkartearen bozeramaile izana. Gallastegi eta Jauregi, LAB sindikatuko kideak dira -lehena Arrantza ataleko arduraduna da, eta bigarrena, erretiratua den arren, sindikatuko Bankuen ataleko afiliatua-. Margolari ezaguna da beste atxilotu bat: Landa, Karmelo Landa ezker abertzaleko kidearen anaia. Aizpurua, berriz, hainbat alditan urte luzez espetxeratua egon da, eta minbizia dauka. Etxabe ingeniaria da.

Igande arratsaldean manifestazioak Bilbon eta Donostian

Gaur 17:30ean Donostian, Antiguako frontoian, atxilotuen senide eta lagunek, abokatuek, eremu ezberdinetan lan egiten duten herritarrek, euskal presoen senideek, sindikalistek... jakinarazi dute igande honetan Bilbon eta Donostian manifestazioak izango direla. Biak 17:30ean hasiko dituzte: Bilbokoa Jesusen Bihotza plazatik eta Donostiako Bulebarretik.

"Operazioak euskal preso politikoen defentsa eta elkartasuna jomugan" jarri duela salatu du Aiert Larrartek, agerraldia egindako denen izenean. Atxilotuen egoeraz kezka azaldu dute, "tortura" jaso dezatelakoan. Aurten 21 lagunek egin dituzte salaketak. Tortura bukatzeko asmoz, inkomunikazio garaia desagertzeko eskatu dute.

Azpimarratu dute Egunkaria-ren absoluzio epaia izan eta bi egunera egin duela Guardia Zibilak operazioa eta, hala, Espainiako Estatuak ez duela konponbiderako asmorik, "errepresioarekin" jarraitzen duelako.

Larrarterekin batera egon dira mahaian Fernando Arburua (euskal preso ohia), Martxelo Otamendi (BERRIAko zuzendaria), Aitor Lopez Rekarte (Realeko jokalari ohia), Amaia Izko (abokatua), Mattin Troitino (Etxerat-eko kidea) eta Ane Sarriegi (Iker Sarriegiren arreba). Berrehun lagun inguru batu dira agerraldian. Han zeuden, besteak beste: Txan Magoa, Ramon Agirre (aktorea), Mikel Aranburu (Realeko jokalaria), Onintza Ostolaza eta Ainhoa Baglieto (abokatuak)...

Eguerdian, berriz, EHUko Arte Ederretako Falkultateko dekanoak eta Erramun Landaren senide, lankide eta lagunek agerraldia egin dute hedabideen aurrean -hango irakaslea da Landa-, eta elkartasuna agertu diote.

Atzo mobilizazioak egin zituzten Donostian, Bilbon, Bakion edota Lekeition. Gaur 20:00etan Donostian mnanifestazioa izango da, Bulebarretik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.