Rubalcabaren aldekoak nagusi Euskal Herrian

PSOEk buru berria hautatzeko bi aste barru egingo duen kongresura nor joango den erabaki dute PSE-EEk eta PSNk

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Otsailaren 3, 4 eta 5ean egingo du 38. Kongresua PSOEk, Sevillan. Alderdiko buruzagitza noren esku geratuko den erabakiko dute han; Jose Luis Rodriguez Zapateroren lekua nork beteko duen; idazkari nagusi berria Alfredo Perez Rubalcaba edo Carme Chacon izango den. Bien arteko lehia izan da nagusi azkenaldian alderdi barruan, eta zenbait lurraldetako kongresuetan liskarrak ere izan dira. Ez dago argi nork irabaziko duen, baina Euskal Herritik botoa ematera joango diren gehien-gehienak Rubalcabaren aldekoak izango dira.

Atzo egin zituzten herrialde bakoitzetik Sevillara joango diren ordezkariak aukeratzeko kongresu gehienak. Euskal Herriari dagokionez, bizkaitarrek izango dute botorik gehien: hamahiru. Nafarrek zortzi boto izango dituzte, gipuzkoarrek sei, eta arabarrek hiru.

Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariak Rubalcabaren aldekoak izango dira osorik. Araban eta Nafarroan, berriz, bi hautagaien aldeko kideak biltzen dituzten zerrenda adostuak onartu dituzte.

Alderdiko kargu eta aurpegirik ezagun eta esanguratsuenak joango dira PSOEko idazkari berria hautatuko duten kongresura. Bizkaitik, esaterako, Patxi Lopez lehendakariaz gain, Jose Antonio Pastor, Idoia Mendia eta Isabel Zelaa joango dira Sevillara. Baita Begoña Gil, Susana Gonzalez, Melchor Gil, Iñaki Egaña, Mikel Torres, Alfonso Gil, Tontxu Rodriguez, Myriam Frade eta Alexia Castelo ere.

Gipuzkoan, asteartean aukeratu zituzten ordezkariak: Iñaki Arriola, Jesus Egiguren, Miguel Angel Morales, Susana Corcuera, Rafaela Romero eta Arritxu Marañon.

Araban, ez zegoen hautagaia aukeratzeko irizpide bateraturik, eta, azkenik, bi ildoen artean adostuta, Rubalcabaren aldeko Txarli Prieto zein Gloria Sanchez eta Chaconen aldeko Juan Carlos Alonso joango dira Sevillara.

Nafarroan ere ados jarri dira bi korronteen artean, eta bi hautagaien aldeko ordezkari bana izango da PSNren ordezkarien zerrendaburu: Chaconen taldeko Roberto Jimenez eta Rubalcabaren bozeramaile Juan Moscoso. Maria Isabel Carcavilla, Miguel Angel Anzizar, Susana Perez, Maria Concepcion Perez, Fernando Puras eta Marta Maria Ulrichek osatzen dute zerrenda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.