«Maiatzeko udal hauteskundeetan ezker abertzalea legala izatea da aurreikusi daitekeen eszenatoki bakarra», Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidearen esanetan. Ser irratian adierazi duenez, Sortu alderdiak legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu. «Eramango ditugun estatutuekin nahikoa den arren, ez dakigu Espainiako Gobernuak zein erabaki hartuko duen eta auzitegiek nolako jokatuko duten. Gehiago eskatzen badute moldatu egin beharko gara», zehaztu du. Etxeberriaren aburuz, alderdi berriak egoera politikoaren klima aldaketa ekartzea nahi du.
Ezker abertzalekoaren arabera, gatazka juridiko, politiko eta polizialaren biktima da ezker abertzalea. «Gure akats eta bertuteekin garena gara. Gure historian jauzi bat eman behar dugu». Gaineratu duenez, hartutako erabakiak ez du atzera bueltarik: «Soilik bide demokratikoak erabiliko ditugu herri honen independentzia eskuratzeko. Amaitu da borroka armatuaren zikloa».
Etxeberriaren ustetan, ETAren aldetik ez da borroka armatuaren gertaera berririk izango. «ETAk ez dit beldurrik ematen, baina bestelako errealitate posibleek etaindarkeria errepresiboek bai», adierazi du. Izan ere, Euskal Herriak bizi duen egoera «antidemokratikoa» dela dio.
«Ezker abertzalearen inguruan abiatu den estrategiak, dena ETA dela dioen politikari erantzuten dio. Muntaia judizial, politiko eta polizialaren biktimak gara», nabarmendu du.
Aitortu duenez, egindako hautuak mota guztietako biolentziak baztertu eta posizio politikoa aldatzera eraman du ezker abertzalea. «Indarkeria politikoa ez da estrategia independentistarekin bateragarria», esan du Espainiako irrati katean. Hori dela eta, borroka armatuaren kapitulu gehiagorik ez dela izango uste du Etxebarriak. Edozein kasutan, Espainiako Estatuak azken bi mendeetan hainbat indarkeri mota erabili dituela salatu du.
Biktima guztien aitortza
Etxeberriaren esanetan, biktima guztiei egindako kalteak konpondu beharko lirateke, hainbat indarkeria motak eragindako biktimak baitaude. «Etorkizun batean inolako biktimarik ez egoteko konpromisoa hartzeko beharra oinarrizkoa da».
ETAk Jon Pagazaurtundua hil zueneko zortzigarren urteurrenaren harira, 50 urteko gatazkaren «beste errealitate tamalgarri» bat dela esan du. Hargatik, egoera betirako bukatzearen garrantzia azpimarratu du: «Ezker abertzaleak kasuan kasuko irizpide argia du: indarkeriaren biktimen kasu guztiak dira larriak. Ez gara bihotz gabeak, guk ere bizi izan dugu min hori lehen pertsonan».
ETA errefusatzeko jokaera behin-betikoa den galdetuta, Euskal Herriko gatazka politikoa ETArengandik eta beste eragile batzuen indarkeriarengandik baldintzatua egon dela erantzun du.
Ezker abertzalearen alderdi berria. Sorturen aurkezpena
Rufi Etxeberria: «Amaitu da borroka armatuaren zikloa»
Indarkeria politikoa estrategia independentistarekin bateragarria ez dela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu