Rufi Etxeberriak adierazi du "ezker abertzaleak bere buruari estrategia berri bat eman behar" ziola, "aurreko estrategiaren mugak gero eta nabarmenagoak" zirelako. Gogoetaren ondoren, "hautua" egin dutela esan du Etxeberriak. Dena dela, azpimarratu du "urteetako borrokak" merezi izan duela, "haiei esker iritsi garelako honaino. Baldintza politiko eta sozialak gure alde daude, benetako aldaketa egiteko".
"Espainiako eta Frantziako estatuak ukazioa eta errepresioa etengabe berritzen eta zorrozten" joan direla dio Etxeberriak, "eta ezker abertzalea ezin zitekeen atzean gelditu. Espainiako Gobernuaren eta klase politikoaren aburuz, ezker abertzalea duela urte eta erdi ’zerraldo politiko bat’ zen. Errepresioaren gurpilean harrapatuta geunden, aurrerapausorik egiteko gai ez ginen".
Orain, berriz, apustu berriaren ondorioz "egoerak aldaketa nabarmena eman du, eta ezker abertzaleak ekimena berreskuratu du". "Blokeoa gainditzen" ari direla adierazi du, eta hori guztia ildo politiko haren "ausardiagatik" lortu da, haren iritziz. "Agenda politiko berria ezarri dugu Euskal Herriko mapan".
Euskal Herriaren independentzia lortzeko bidean indar aurrerakoi eta abertzaleen arteko metaketaren alde segituko dutela hitz eman du. EArekin egindako Lortu arte akordioa eta harekin eta Alternatibarekin egindako Euskal Herria ezkerretik aipatu ditu. Haren arabera, "Aralarrek duela hamar urte uko egin zion estrategia independentistari, eta horrela ulertu behar da EAJrekin aliantza egin izana". Hala, Nafarroa gaur egun aliantzen gaian "laborategi" izaten ari dela esan du Etxeberriak.
Beste lehentasun bat ezker abertzalearen legeztatzea da, hark dioenez. "Plazan normaltasunez jardun ahal izatea ezinbestekoa da gure egitsmoari bidea emateko".
"Hasi berria den prozesu demokratikoan" nazioarteko eragileek eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak atxikimendua eman izana oso garrantzitsua dela esan du.
Ezkerabertzalea.info-k elkarrizketa luzea egin dio ezker abertzaleko kideari, eta Interneten jarri berri du. Zatika ikus daiteke.