Rufi Etxeberriaren ustez, Kongresuko testua «ez da nahikoa»

Ezker abertzaleak gogor kritikatu du akordioa, ez duelako «konponbide politikorako bide orririk proposatzen»

joxerra senar
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Herenegun Kongresuko hainbat alderdik —besteak beste PPk, PSOEk, EAJk, CiUk eta UPNk— hitzartutako akordioarekin ez dator bat ezker abertzalea. Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidearen arabera, akordio hori «ez da nahikoa, inondik inora». Etxeberriaren hitzetan, akordioak agerian uzten du «euskal auzia gai politikoa» dela. Horrenbestez, auzi politikoa den heinean, konponbide politiko bat eman behar zaiola uste du Etxeberriak, eta, alde horretatik, akordioa herren geratzen dela iritzi dio. «Ez doa errora. Hau da, ez du proposatzen konponbideetara heltzen lagundu diezagukeen bide orririk».

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, EAJrekin kritiko agertu da. Etxeberriak gogoan du Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak inor baztertuko ez den akordioak egiteko konpromisoa azaldu duela maiz; aldiz, Kongresuko akordio horretatik kanpo utzi da Amaiur: «EAJk dokumentu hori lantzeko prozesuan parte hartu zuen. Horrenbestez, EAJk Amaiur baztertu zuen, eta uste dugu abiapuntu kezkagarria dela». Haren ustez, EAJk azalpenak eman beharko ditu horri buruz.

Bestalde, Etxeberriak nabarmendu du auzi garrantzitsuena dela urriaren 20an ETAk hartutako erabaki historikoa. Hortik abiatuta, Etxeberriak gogora ekarri du beste gatazka batzuetan (Irlanda, kasu) desarmea «hitzartuta eta koordinatuta» egin dela eta «nazioarteko begiraleekin» egin dela. Haren ustez, hori da irizpide logikoena. Azpimarratu duenez, «ETAko militanteak preso badaude, ETA presente egongo da bizitza eta agenda politikoan».

Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak ere Kongresuko akordioari buruz hitz egin zuen. Haren ustez, akordioaren sinatzaileetako batzuek konponbideari heltzeko bide orri gisa proposatu duten heinean, «ez da erreala eta eraginkorra». Dena den, zenbaitek ere azaldu dute akordioa ez dela «hitzez hitz» hartu behar. Irakurketa horren arabera, akordioak bestelako jokalekuak sortzea bila dezake, eta tartea eman estatuari konponbide prozesuan urratsak egiteko. «Hala balitz, ez dugu inongo arazorik izango iritzi horrekin bat egiteko». Dena den, akordioaren edukiak bestelako mezua ematen duela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.