Espainiako Kongresuko Osoko Bilkuran, Amaiurreko diputatu Jon Iñarrituk Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroari galdetu dio ea zer egingo duen estatuaren indarkeriaren bitkimak aitortu eta haiei erreparazioa emateko.
"Indarkerien erkatzea gezurra da. Pizti totalitario batekin bizi izan gara. Ez duzue irabazi, Espainiako demokraziaren aurrean galdu duzue, eta ez gara eroriko biktimen parekatzean", erantzun dio Gallardonek. Halaber, Iñarrituri galdegin dio ETAren desegitea eska dezala eta erakunde armatuaren biktimei barkamena eska diezaiela.
Iñarrituk oroitarazi dio gaur direla 24 urte Josu Muguruza HBko diputatua hil zutenetik, eta gogorarazi du Muguruza zenak eta haren senideek ez dutela aitorpenik izan. Santi Brouarden hilketa ere oroitarazi du: "Biak izan ziren bigarren mailako biktimak, baina ez bakarrak".
"Biktima guztien erreparazioan eta aitorpenean urrats sakonak" egitearen alde dago Amaiur, Iñarrituren hitzetan. Hori horrela, gogoan izan ditu gaurko egunez ETAk hildako Benjamin Sancho eta Jose Sanchez poliziak, eta elkartasuna adierazi die haien senideei.