Sagarduik esan du «gero eta aukera gutxiago» daudela konfinamendua saihesteko

Osasun sailburuak adierazi duenez, konfinamendua ezar ez dadin, premiazkoa da jadanik ezarrita dauden mugak betetzea. Hala ere, ez du guztiz baztertu konfinamenduaren aukera. Azaldu du «tentsioa» dagoela Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ospitaleetan, baina argitu du Osakidetza gai dela herritarrentzako arreta bermatzeko. Elkartasunez jokatzea galdegin die herritarrei.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. IREKIA
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko azaroaren 4a
11:57
Entzun

Gero eta zailagoa dirudi konfinamenduaren saihesteak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren esanetan. Hala eta guztiz ere, sailburuak nabarmendu du badirela aukera gehiago neurri horri ezarri behar aurretik, eta, horretarako, indarrean diren neurriak betetzeko eskatu die herritarrei. Sailburuak adierazi du birusaren transmisioa «azkar» ari dela hazten, eta onartu du horrek isla zuzena duela ZIUetako okupazioan ere.

Hain zuzen ere, Sagarduik esan du «tentsioa» dagoela ospitaleetan, baina azpimarratu du herritarrentzako arreta bermatua dagoela oraindik ere. Dena dela, onartu du egoera larria dela oraintxe bertan: «Bizi Berri planaren arabera izan ditzakegun ZIU oheen aurreikuspenen bigarren estadioan gaude oraindik. 3.  estadiotik hurbil gaude, eta, ziurrenik, goranzko joerari eutsiko dio ZIU behar duten pertsonen kopuruak», adierazi du Sagarduik. Halaber, esan du, birusaren intzidentzia tasa handia dela-eta, ospitale batzuk estuago daudela, baina argitu du ez dela jarduerarik gelditu bertan behera.

Sailburuaren arabera, oraindik ere luze itxaron beharko da txertoa ailegatu arte, eta, hori horrela, esan du gizarteak ezinbestean ikasi beharko duela «birusarekin bizitzen». Elkartasunez eta seriotasunez jokatzea galdegin die herritarrei. «Ez naiz nekatuko hau errepikatzeaz: denek egin ditzakegu ekarpenak birusaren hedapena gelditzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.