Sakabanaketa amaitzeko eskatuko dute Barañainen

Sara Fernandez eta Karmele Solaguren oroituko dituzte larunbatean, biak bisitatik itzultzean hilak

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Muturreko egoera» da euskal presoen sakabanaketa, Fran Balda Egin Dezagun Bidea taldeko kidearen ustez. Behin betikoz konpondu beharrekoa. Beldurra aipatu zuen atzo Iruñean eginiko prentsaurrekoan. «Oraindik ere ehunka lagunek jartzen dute bizia arriskuan astebururo, milaka kilometro eginez, 40 minutu eskaseko bisita egiteko». Horregatik, sakabanaketaren amaiera eskatzeko, manifestazioa egingo dute larunbatean Barañainen (Nafarroa). Sakabanaketa; minutu bat gehiagoz ere ez, istripu gehiagorik ez izango da leloa.

«Noiz arte?». Galdera horretara jo zuen Gloria Rekarte Etxerat elkarteko Nafarroako eledunak atzo, behin eta berriz. Alicia Ortega, Isabel Morillas, Paco Rey eta Paco Sola zituzten ondoan. Almerian, Algecirasen, Puerto de Santa Marian (Espainia) eta Parisko kartzeletan diren presoen senideak. «Familia hauen artean soilik, 10.000 kilometro egiten dituzte astebururo», azaldu zuen Rekartek. «Gordina» da egoera, haren hitzetan, eta «premiazkoa» hura aldatzea. «Asteburu bakoitza errusiar erruleta baten gisakoa da».

Sara Fernandez iruindarra eta Karmele Solaguren barañaindarra ere izan zituzten gogoan. Kartzelara bisita egitetik bueltan zirela hil ziren biak; 2003ko azaroaren 29an Fernandez, eta 2004ko abenduaren 6an Solaguren. Lore banarekin ageri dira beren argazkiak larunbaterako deialdien afixetan, eta Solagurenen etxe izandakoaren ondotik abiatuko da ibilbidea, San Esteban kaletik, 17:30ean. 18:30ean egingo da ekitaldi nagusia Julian Retegi frontoian, sakabanaketari buruzko dokumental batekin.

«Anakronismoa»

Azken sei hilabeteak bereziki gogorrak izan dira Nafarroan Rekarteren hitzetan. Lau istripu larri izan dituzte euskal presoen senide eta lagunek, eta sei pertsona zauritu dira. Sakabanaketa politika ezarri zenetik hamasei pertsona hil direla eta ehunka zauritu izan direla gogorarazi zuen. Laurehun bat istripu izan direla, guztira.

«Anakronismoa» da sakabanaketa gaur egun, Baldaren hitzetan, eta gizartearen erantzun beharraz aritu zen. Haren ustez, Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute espetxe politika aldatzeko inongo presarik. «Horregatik da garrantzitsua mobilizazioetan parte hartzea. Gure artean Sararena [Fernandezena] eta Karmelerena [Solagurenena] bezalako heriotza gehiagorik izan ez dadin».

Nafarroan egingo diren beste mobilizazioetara eta Bilbon urtarrilaren 7an izango den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin zuen Baldak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.