Euskal preso politikoen senitartekoak «erreskate beharrean» dira. Eta horixe eskatu zuten atzo Nafarroako banketxeen aurrean egindako elkarretaratzeetan. Astero-astero senitartekoak bisitatzera joateko egin behar duten bideak kostu ekonomiko handia eskatzen die: Herrira-k emandako datuen arabera, urtean 13.000.000 euro guztira. Familia bakoitzak, batez beste 19.653 euro.
Gasolina, autopistak, tren eta hegazkin txartelak, taxiak, lo egiteko tokiak, otorduak, ustekabeko gastuak eta abar izaten dituzte senitarteko horiek bisita bakoitzean. Herrira-k nabarmendu du «krisi gorrian» are okerragoa dela egoera presoen senitarteko horientzat: «Sakabanaketa zigor ekonomiko izugarria da, eta familia askok arazo latzak dituzte hilaren bukaerara iristeko».
Krisi garaian gobernuek duten jarrera salatu du Herrira mugimenduak: «Bankuak erreskatatzen jarraitzen dute, ez pertsonak. Eta preso politikoen familiek ere erreskatea behar dute». Hala, haiei gehiago ez sufriarazteko eskatu dute, «ez osasunean eta ez ekonomian». Horretarako, ez dute erreskate ekonomikoa eskatu, baizik eta sakabanaketa bertan behera uztea galdegin dute. Hala esan dute Nafarroako hainbat bankuren aurrean egin dituzten elkarretaratzeetan: «Gauza bakarra eskatzen dugu: gobernuak ez ditzala torturatu familia hauek, zentzuz joka dezala, bakerako urratsak egin ditzala eta ekar ditzala presoak Euskal Herrira, horixe nahi baitu gure herriko jende gehienak».
Bestalde, herri eta auzoetan euskal preso politikoak Euskal Herriratzea eskatzeko mobilizazioak egiten jarraitzen du Herrira mugimenduak. Esate baterako, bihar mobilizazioa egingo du Bastidan, Araba Euskaraz ikastolen aldeko jaian. Bigarren gunetik abiatuko da kalejira, 12:30ean, eta triki poteoa egingo dute.
Sakabanaketa sufritzen dutenak, erreskate beharrean
Euskal presoen senitartekoak «torturatzeari» uzteko eskatu die gobernuei Herrira mugimenduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu