Ezker abertzalearen ustez, asteburu honetan euskal presoen hainbat senide eta lagunek izan dituzten istripuek argi asko erakusten dute sakabanaketa politikaren atzean dagoen «giza drama». Txelui Moreno eta Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideek prentsaurreko bat eman zuten atzo Iruñean, eta, han salatu zutenez, «bost egun nahikoak izan dira sakabanaketaren ankerkeriakEspainiako Barne ministroak iragarritako gizarteratze planari mozorroa kentzeko». Haien ustetan, Espainiako Gobernuaren plana «indargabetu» egin dute asteburuan izandakoezbeharrek.
Larunbat eta igandean espetxeetako joan-etorrietan euskal presoen senide eta lagunek izan dituzten hiru auto istripuak gogoan izan dituzte ezker abertzaleko kideek. Istripuak larriak izan direla salatu dute eta tartean inor hil ez bada «zorte onari» esker izan dela iritzi diote. «Sakabanaketa politikak hainbat euskal herritarren heriotza eragin du, eta etorkizunean ere hil egingo du, baldin eta politika honen arduradun politikoek ez badute atzera egiten».
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari eta euskal presoen «gizarteratzea» bultzatzeko hark martxan jarriko duen plana babestu duten alderdiei ere zuzendu zaizkie, «irakasgai argia» atera dezaten eta begiak ireki ditzaten eskatzeko. Asteburuko istripuen ondotik, plan hori «zein arrazoirekin» defendituko duten galdetu diote Barne ministroari, halaber: «Nola azalduko du preso orori bere jaioterritik hurbilen dagoen espetxean egoteko dagokion eskubidea xantaia politikorako tresna gisa erabiltzen jarraitzea?».
Morenoren eta Ugartebururen arabera, euskal presoen eskubideei «zor zaien errespetua» ezin da inolako eskakizun politikorekin loturik egon. «Euskal preso politiko guztiak Euskal Herriko espetxeetan biltzea eskubide bat besterik ez da».
Salatu dute Espainiako etaFrantziako gobernuak milaka euskal herritarren biziarekin jokatzen ari direla, «era lazgarrian». Hori horrela, presoei eta euren senideei ezartzen zaien «mendeku politika behin betiko eta baldintzarik gabe» amaitzeko exijitu dute.
«Sakabanaketaren ankerkeriak mozorroa kendu dio gizarteratze planari»
Ezker abertzaleak dio euskal presoen Euskal Herriratzea ezin dela erabili «xantaia politikorako tresna gisa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu