Udal eta foru hauteskunde ostekoa. Elkarrizketa. Jon Abril. Aralarreko koordinatzaileordea

«Sakon eztabaidatu behar dugu eduki eta estrategien inguruan»

«Bilduren olatuak» Aralarren gainetik pasa dela dio Jon Abrilek. Aurrera begira, ezker abertzale zabal bat berregituratzeko eztabaidari «berehala» heldu behar zaiola dela uste du.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Udal eta foru hauteskundeetan kolpe gogorra hartu dutela ez du ezkutatzen Jon Abrilek (Bera, 1975). Aralarreko koordinatzaileordeak aitortu duenez, ez zituen espero Bilduk lortu dituen emaitzak. Uste du koalizioak irauli egin duela Hego Euskal Herriko mapa politikoa, eta Aralarrek jokaleku politiko berri horretan bere tokia zein den zehaztu behar duela azaldu dio BERRIAri.

Zertan hutz egin duzue?

Uste dut ez dela izan Aralarrek instituzioetan egiten duen lanaren kontrako zigor botoa, baizik eta testuinguruak berak kokatu gaituela leku horretan. Nire ustez, boto-emaileen aldetik erantzun bat izan du ezker abertzalearen beste sentsibilitate hori hauteskundeetan lehiatu ahal izateko Auzitegi Konstituzionalarekin gertatutakoak. Horrek ez du kentzen Aralarrek ez duela lortu espero zuen babes soziala botoetan, eta, alde horretatik, uste dut gogoeta sakona egin behar dugula ezinbertzean. Edonola ere, Aralarren emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoan ez dira izan espero zirenak, baina Nafarroan abertzaleok eutsi egin diogu erronkari. Euskal Herria bere osotasunean ere begiratzeko behar hori badugu. Egiten dugun interpretazio horretan, kontuan hartu behar dugu errealitate bakoitzean nola aurrea hartu egoerari eta zein toki bete behar dugun hemendik aurrera.

Zeintzuk izango dira gogoeta horren nondik norakoak edo gakoak?

Uste dut, batetik, izan behar duela Aralarrek zein toki bete duen eta hemendik aurrera zein bete behar duen aztertzea, bai eduki politikoari dagokionez, bai estrategiari dagokionez. Aztertu behar dugu zergatik gure bozakizan diren hain gorabeheratsuakhauteskunde batzuetatik besteetara; gorabehera horiek zergatik gertatu diren, eta zer mezurekin iritsi garen hobekiago. Baina, batez ere, gure estrategiaren inguruan gogoeta sakon bat egin behar dugu. Bistan da hauteskunde hauetan bakarrik joateak, Bildu koalizioa hor egonik, kalte egin digula. Horren inguruan zer estrategia garatu eta hemendik aurrera lehia hori nola landu eta politikoki nola garatu da aztertu beharrekoa.

Espero al zenituzten Bilduren emaitzak?

Espero izatekoak ziren, bainahain onak ez nituen espero. Hego Euskal Herri osoan emaitza ikaragarri onak lortu ditu, eta, alde horretatik, ez dute aitzakiarik. Abertzaleek, EAJtik haratago, inoiz lortu duten emaitzarik onenak izan direla aitortu behar dugu.

Zergatik hautatu zenuten bakarrik aurkeztea?

Duela urtebete pasatxo hartutako erabakia izan zen. Ikusten genuen bagenuela esparru bat bestelako ezker abertzale bat eratzeko, gure proiektua sendotzeko eta, batez ere, bakearen inguruan ekarpen garrantzitsu bat egiteko. Horretaz gain, ez dugu bertze aukerarik izan mahai gainean. Ez zaigu damutzen bakarrik joan izana. Gure proiektua gizarteratu eta sendotu nahi genuen, baina bigarren hori ez dugu lortu. Uste dut erabakia etxe barruan ongi aztertu genuela eta erabateko adostasunez hartutakoa izan zela. Koherentziaz jokatu behar dugu orain.

NaBain gertatutakoak zenbateraino baldintzatu zuen erabaki hori?

Beharbada, bertze batzuei galdetu egin beharko zaie zergatik baztertu duten Aralar EAEn. Joan den irailaz geroztik, Batasunak ordezkatzen duen ezker abertzalearekin biltzeko ahaleginak egin ditugu, eta elkartzeko aukerarik ere ez dugu izan. Hor dago bakoitzaren indar korrelazioaren arabera mintzaidetza nola gauzatzen den. Nafarroan ez dugu arazorik izan, eta hemen aukerarik ere ez dugu izan.

Bilduren aldetik, baina, beti esan dute ateak irekita izan dituzuela.

Hori ez da egia. Ez da egia. Ez zaigu eskaini, eta gurekin elkartzeko borondaterik ere ez da egon. Gainera, ez dut gehiago sakondu nahi polemika horretan. Baina gertaerak izan dira izan diren bezalakoak. Hala ere, uste dut ez dela eztabaidarako momentua, aurrera begiratzeko ordua baizik.

Aralarren militante eta boto-emaileek ulertu al dute hori?

Ez da ulertze edo ez ulertze kontua. Boto-emaileek aukera bat egin dute mapa politikoa irauli egin nahi izan dutelako, eta aitortu behar da Bilduk lortu duela hori. Lehen esan dudanaren haritik, ez da Aralarren kontrako zigor botoa izan.

Aralarren helburuetako bat da ezker abertzale zabal bat osatzea. Bilduk lortu al duhori?

Ez. Bildun ez da gogoeta edo sakoneko lan bat egin etorkizuneko ezker abertzalearen izaeraz eta izateaz. Egiteko daukate. Eztabaida hori, gainera, Euskal Herrian bere osotasunean hartuta egin behar da, indar korrelazioak aintzat harturik. Ezker abertzale zabal hori eratu nahi badugu, gutxienez azkeneko hamar urteotan ezker abertzalea osatu duten eragile guztiekin eztabaidatu behar da, nagusiki Abertzaleen Batasunarekin eta Aralarrekin. Eztabaida horri uko egin zaio, guk modu publikoan eta pribatuan proposatu dugunean. Bildu hauteskundeetarako koalizio bat izan da, baina gaur-gaurkoz ez du egituraketarik. Ezin da pentsatu etorkizuneko ezker abertzalearen osaera horretara mugatuko denik. Uste dugu Aralarrek eta ABk bere gainean jarri zituzten oinarrien gainean eraikiko dela etorkizuneko ezker abertzalea.

Eztabaida horri uko egin zaiola diozu. Zergatik?

Batasunarekin izan genuen azkeneko bileran, abuztu bukaera inguruan, mahai gainean jarri genien gaia eta euren erantzuna argia izan zen. Garaia ez zela iritsi esan ziguten, eurentzat lehentasuna legeztatzea zela eta hori ematen zenean, beharbada, etorriko zela eztabaida. Guk uste dugu badaudela elementuak aurretik ere eztabaidari ekiteko.

Elkarlan hori bizkortzeko garaia dela uste al duzu?

Bai. Gure gogoetak hortik joko du.

Bilduk Nafarroan lortu dituen emaitzek zer egoeratan uzten dute NaBairen proiektua?

Gaurkotasun osoa dauka. NaBairen inguruan egon den zaratarekin eta Bilduren olatuarekin,sendo segitzen dugula eta gizartearen babes zabal daukagula erakutsi dugu. Abertzaleak Nafarroako gizarteari bi proiektu ezberdin eskainita ere, inoiz baino ordezkaritza zabalagoa lortu dugu.

UPN gobernutik kentzea duzue helburu. 2007an baino aukera gehiagoedo gutxiago daude orain? Bildurekin akordiorik ez duela egingo adierazi du PSOEk.

Aldaketa politikoa nahi bada, indar aurrerakoi eta ezkertiarren aldeko akordio batetik etorriko da. Gainera Bilduk zilegitasun osoa dauka, herritarrek eta justiziak emandakoa. Nor dira PSOE eta PP alderdi bati zilegitasuna kentzeko?. Aitzakia da hori, aldaketarik nahi ez dutela ezkutatzeko. Borondate kontua da. Gu prest gaude eskuzabal jokatzeko.

Nola ulertuko luke Aralarrek beste herrialde batzuetan EAJk bat egitea Bilduren aurkako beto horrekin?

Hori gertatzen bada, gogor kritikatu dugu, EAJren beste erabaki batzuk kritikatzen ditugun bezala. EAEn bi proiektu hagitz ezberdinetan gaude, baina Nafarroan egia da kolaborazio bat dagoela. Hala ere, hori ez da muga bat izanen kritikatu behar ditugun alor horiek kritikatzeko. Guretzat ez da kontraesana. Batasunaren eta EAren artean ere egon daitezke kontraesanak. Ulertu behar dugu tokian tokiko errealitateak daudela eta horrelako proiektu zabalez haratago alderdi bakoitzak bere estrategiak dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.