Barañaingo Udalak, UPNren eskuetan izaki, euskarazko arreta kendu du herriko kirol zerbitzutik. Herriko 61 kirolari euskaltzalek sinatutako agiri batek salatzen duenez, zerbitzu horretako administrari lanpostuak euskara eskakizuna ezarria zuen 2021. urtera arte, baina UPN taldeak baldintza hori kentzea erabaki zuen, agintera iritsita. Kirol administrariari ez ezik, beste hainbat posturi ere kendu zieten profil elebiduna. Udal gobernu taldeak araua aldatu zuenetik, langile euskaldun batek eskaini du zerbitzua behin-behinean, baina langile berria sartu da. «Euskara eskatzen ez denez, langile elebakarra sartu da, eta ezin du arreta euskaraz eman», salatu dute.
Agiria sinatzen duten kirolariek «UPNren jarrera euskarafoboari» egotzi diote aldaketa, eta ohartarazi dute, hizkuntza eskubideetan ez ezik, «zerbitzuaren kalitatean» ere eraginen duela: «Galera izanen da, ez gaituztelako gure hizkuntzan artatuko.
Euskara eskakizuna kendu izana, gainera, Barañaingo Euskararen ordenantza urratzen duen neurria dela salatu dute: «Ordenantza horri jarraikiz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak atzera bota izan ditu Barañaingo Udalaren zenbait neurri, besteak beste, Lagunak klubeko eta Kultur Etxeko atezain postuei dagozkiena».
Herritarren hizkuntza eskubideak aldarrikatu dituzte Barañaingo kirolariek, eta berretsi dute euskaraz bizi nahi dutela «aisialdian, hezkuntzan, lan eremuan, kirola egitean eta udalarekiko harremanean».