Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kide izana da Alfons Lopez Tena (Sagunt, Herrialde Katalanak, 1957), 2001 eta 2008 bitartean, eta Parot doktrina gisa ezagutzen den legeari buruzko erabakian parte hartu zuen. Zuzenbidearen oinarri funtsezkoenak urratzen dituela sinetsita, boto partikularra eman zuen. Salbuespeneko legetzat duenari buruz aritu da Bilbon, Eskubideak abokatuen elkarteak antolatutako hitzaldi batean.
Parot doktrina gisa ezagutzen dena zuzenbide irizpideen aurkakoa dela esan duzu. Zer da 7/2003 legea?
2003ko lege organiko bat da, zigorrak oso-osorik bete daitezen sortutakoa. 2003. urtean onartu, eta Auzitegi Gorenak 2006. urtean ezarri zuen lehen aldiz. PPk bultzatu zuen, Aznarren gehiengo osoko garaian, zigorra betetzen ari diren presoei doktrina berria atzeraeraginean oinarrituta ezartzekoa. 30 edo 40 urteko espetxe zigorrak oso-osorik betetzeari begira sortu zen. Horrek Espainiako Konstituzioa urratzea dakar, gizarteratze printzipioa urratzea, eta joko arauak aldatzea. Irizpide berri hori delitua 2003tik aurrera egindakoei soilik ezarri ahalko litzaieke, bestela sistemagogorrago bat atzeraeraginez ezartzea litzatekeelako. Estatu demokratiko guztietako konstituzioek debekatzen dute hori.
Konstituzioaren aurkakoa izan arren, ezarri egiten da. Nolatan?
Auzitegi Konstituzionalak ez du oraindik bere jarrera argitu. Helegite guztiak ebazteko ditu oraindik. Baina, hemen, beste gauza batez ari gara. PPk, bere gehiengo osoko garai hartan, terrorismoaren aurkako borroka deitutako politikarako oinarrian bihurtu zuen, eta, beraz, makinaria judiziala eta ordenamendu juridikoak behartu zituen; Konstituzioan oso egokitze zaila duten lege aldaketak behartu zituen, baita zuzenean konstituzioaren aurkakoak direnak ere. Hor kokatzen dira legez kanporatzeen garapenak ere. Orain, bake prozesu bat abiatu denean, gai hori dagoeneko ezin da politikoki baliatu. Nik uste dut salbuespeneko estatu batenak diren salbuespeneko arau horiek desagertzen joango direla. Baina, horretarako, mobilizazio etengabea behar da. Juristen aldetik, batetik, eta hor kokatzen dira abokatuen elkargoan egindako jardunaldiak, eta, bestetik, jendearen, herriaren aldetik.
Justiziaren munduan badago bide horretan lan egiteko prestutasuna?
Bai, arau hauek salbuespena direlako, gainerako printzipioen aurkakoak. Hau da, epaileak berak gainontzeko auzi guztietan jarraitzen dituen irizpideen aurka aritu behar izaten du. Eta horrek kontzientzia juridikoa asko bortxatzen du, eta asko bortxatzen du, baita ere, inpartzialtasunaren eta independentziaren kontzientzia.
Halako salbuespeneko legeak ezarri beharrarekin, epaileak berak deseroso sentitzen dira, beraz?
Bai, deserosotasun handiak sortzen dizkie, gainontzeko auzi guztietan egiten dutenaren aurkakoa egin behar dutelako, eta zigor zuzenbidearen arau eta printzipioen aurka egiten dutelako; zuzenbide ilustratuaren aurka egiten dute, eta hori Europan XVIII. mendetik ezarrita dagoen irizpide bat da. Ez da 1978ko Espainiako Konstituzioaren irizpidea, XVIII. mendekoa baizik. Aurrez onartuta dagoen, idatzia dagoen, eta zehatza den legerik gabe, ezin da zigorrik ezarri. Eta pertsonen eskubideak murrizten dituzten arauak ezin dira atzeraeraginez ezarri. Hau da, delitua egin den unean indarrean zeuden joko arauak ezarri behar zaizkio pertsona horri, eta ez etorkizunean onartzen direnak, kaltegarriagoak badira behintzat. Horiek dira oinarri nagusi horiek, eta hori urratu da.
Beraz, esan daiteke lege berri horiek ezartzen dituzten epaileak ere ezarpen horien kontrakoak direla?
Horietako asko bai, eta nabaritzen da epaien idazkeran. Antzematen da deserosotasuna eragiten diela oinarri juridikoak erabat hausten dituen lege bat ezartzeak.
Horren urraketa argiak badira, nola izan zen posible arau berri horiek indarrean jarri eta lege bihurtzea?
Salbuespenaren legegintza da 2003ko lege hori, Aznarren gehiengo osoaren pean onartu zena. Horrek ekarri du ondorengo guztia.
Nork proposatu eta nork onartu ditu proposamen horiek?
Aznar, Mayor Oreja, Astarloa, Michavila, Acebes eta horien PPk sustatu zituzten zuzenbidearen oinarriak eta oinarri konstituzionalak erabat hausten dituzten erreforma eta lege berri hauek. Hortik aurrera, epaileek ezartzen dituzte legeak, eta orduan hasi dira komunitate judizialeko gatazka eta deserosotasunak, justifikaziorik ez duten legeak direlako eta, gainera, bere momentuan horiek ezartzeko erabiltzen ziren argudioak desagertu direlako. ETAk armak behin betiko utzi ditu; bake prozesu bat zabaldu da, eta, beraz, terrorismoari aurre egiteko beharrezko zurigarri gisa erabili ziren argudioak ere dagoeneko ez dira baliagarri.
PPren gehiengo osoa dator berriz. Aldera daitezke bi aldiak?
Ez; hain justu, jokalekua desberdina delako. PPk justifikazio ekonomikoa erabili du orain gobernatzeko. Ez odola, biktimak eta terrorismoaren aurkako zurigarri hura.
Baikor zara doktrina hori bertan behera geratuko den ustean?
Bai, PPk dagoeneko ez duelako behar estalki hori. Orain, eraginkortasun ekonomikoaren estalkia du, eta, gainera, Euskadin bake prozesu bat abiatu da.
Zein irakurketa egiten duzu egoera berri honetan euskal presoen sakabanaketari eusteari eta gaixo daudenak ez askatzeari buruz?
Gauza bera da. Egilearen zuzenbidea erabiltzea da, eta berriz diot: XVIII. mendetik estatu demokratiko eta konstituzionalen legeei itxita dagoen bidea da. Ezin dena egin da arauak pertsonaren arabera ezartzea eta beste edozein delitugatik zigortutakoari ematen ez zaion tratua ematea. Espainiako Konstituzioaren oinarrizko printzipioa da. Eta, Konstituzioaren beraren arabera, zigorrak gizarteratzeko dira. Zein da pertsona bat gizarteratzeko modu errazena? Etxetik ahalik eta gertuen egotea, bertan duelako familia, lan eremua izan dezakeena, harreman sozialetarakoa... Eta eguneko 24 orduak espetxean igaro beharrean, egoera malgutzera joan behar da, kaleratzeko momentua iristen denerako gizartearekiko lotura izan dezan. Hori da baimenen zentzua, behin-behineko askatasunena, gizarteratzeko prozesua dagoenean zigorrak murriztea... Baina hori guztiori preso batzuei ezartzea eta besteei ez... Horrexek erakusten du salbuespeneko legedia dagoela. Horrek esan nahi du ez dela nahi delituari jazartzea, mendekua baizik. Eta zuzenbideak ezin du sekula mendekuan oinarrituta egon.
Egoera horiek guztiak luze gabe amaituko direla uste duzu?
Bai, preso horiei soilik ezartzen zaizkielako, eta ez beste inori. Horrexek ematen dio zilegitasuna, gainera, preso politikoak direla esateko. Preso arrunta etxetik gertuago dagoen espetxe batean dago, eta, gizarteratzeari begira duen garapenaren arabera, zigorra arintzeko neurriak ditu. Preso zehatz horiek ez, haien aurkako mendekua dagoelako. Horrek arrazoitzen du preso politikoei buruz aritzea, preso arruntak balira gainontzekoak bezala, beste guztiek duten tratu arrunt bera izango luketelako.
Urtarrilaren 7an presoen eskubideen aldeko manifestaziora etortzeko gonbita egin dizute. Etorriko zara?
Bai, segur aski bai. Orain diputatua eta Solidaritat Catalana per la Independenciaren zuzendaritzako kidea naiz, eta hemen egongo naiz, alderdiko zuzendaritzako beste kideekin. Zeren, bi alorretan indar egin behar da: azterketa eta mobilizazio juridikoan, eta herri mobilizazioan.
Alfons Lopez Tena. Botere judizialeko kide ohia
«Salbuespeneko arauak kentzeko, etengabeko mobilizazioa behar da»
Euskal presoei «mendekuan» oinarrituta ezartzen zaizkien neurri bereziak amaituko direla seguru dago, baina, horretarako, juristen eta herritarren mobilizazioa ezinbestekoak direla dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu