INSEE Frantziako errolden ardura duen erakundea burutzen ari da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanleriaren bilakaerari buruzko ikerketa. Dagoeneko joera nagusiak islatu dira. Lapurdik 900 biztanle gehiago ditu (%0,4), bereziki kostaldean; Nafarroa Behereak azken urteotako apaltze geldoa saihestu eta 187 biztanle irabazi ditu (%0,6) eta Zuberoak ere etengabeko galera gelditu du, nahiz eta igoerarik ez izan. Saldo naturala, baina, negatiboa da hiru herrialdeetan: Lapurdin %0,4koa, Nafarroa Beherean %3,5ekoa eta Zuberoan % 3,9koa.
Bertakoen jaiotza eta heriotza kopuruak soilik kontuan hartuz, biztanle galera handia da: Lapurdik 980 biztanle galdu ditu 1999az geroztik, Nafarroa Behereak 700 inguru eta Zuberoak 594. «Zuberoako emaitzak adierazgarriak eta larriak dira», dio François Elizalt INSEEko Akitaniako arduradunak.
«Bi urte falta dira inkestaren behin betiko emaitzak jakiteko, baina ditugun datuen arabera, erran genezake Frantziako iparraldeko jendea dela Akitaniara bizitzera jiten dena, baita Ipar Euskal Herrira ere». Gehienak erretreta hartu ondoren erabaki dute han kokatzea, eguraldia eta lasaitasuna direlarik horren arrazoi nagusiak. «Bukatu da indianoen mitoa. Orain heldu direnak frantziarrak dira, eta ez dute deus ikustekorik sorlekura itzultzearen mitoarekin».
Biztanle gorakadarik adierazgarriena Lapurdi kostaldean izan da. Baionak nabarmen egin du gora: abantzu 45.000. Baina joerarik azpimarragarriena auzo herrietan gertatu dena da, Elizalteren aburuz. Izan ere, inguruko herriak biziki hazi dira. Hiriburuk 510 biztanle irabazi ditu (%13,2), Milafrangak 620 biztanle (%15,3) eta Basusarrik 500 (%27). Emendatze azkarrak izaten ari dira, halaber, Ahetze, Senpere eta Bidarten, Donibane Lohizunek eta Miarritzek duten presio demografikoa irudikatuz.
Nafarroa Beherean ere antzekoa da joera. Donibane Garazi eta Baigorriko biztanle kopurua emendatzen ari da. Zuberoari dagokionez, bi joera islatzen dira, Arbailletan izan edo Basaburuan. Apaltzea handia da Atharratzeko kantonamenduan bereziki. Lautadan biztanle gehiago kokatu dira oreka eraginez (%0,0).
Jendeak hiri nagusietan eta inguruko herrietan kokatzeko joera du. «Etxegintza alorrean presioa izugarria da eta jendeak lantokitik gero eta urrunago doaz bizitzera ezin dutelako hiriko alokairua ordaindu». Elizalteren iritziz, ez da integrazio arazorik pausatzen.
Datuak zuhur hartzea aholkatzen du Elizaltek. Izan ere, INSEEk errolda egiteko prozedura aldatu du eta bi urte gehiago beharko dira emaitza zehatzak ezagutzeko. Orain 10.000 biztanlez beherako herrietan alfabetikoki egiten dute errolda, bost urteko epean herri guztietako emaitzak lortu arte. Herri handietan, aldiz, urtero biztanleriaren %8 inguru galdekatzen dute. Baiona eta Angeluko emaitzak, adibidez, ezagutzen dituzte dagoeneko, baina ez dituzte Donibane Lohizune, Miarritze edo Hendaiako kopuruak zehatz ezagutzen. Emaitza horiek datorrenurtean jakinaraztea espero duINSEEk.
Prozedura aldaketarekin ez da zazpi urtez igurikatu behar joera nagusiak ezagutzeko. Baina horren trukean ez da eginen hiru herrialdeetako bilakaeraren argazki estatikorik, inkesta ez baita burutuko toki guztietan eta denbora berean. «Administrazioak ez du Ipar Euskal Herria kontzeptua ezagutzen, ez da existitzen eta ondorioz, ez da horri dagokion emaitza edo datu orokorrik bilatzen».
Sortze kopuruari dagokionez, Ipar Euskal Herriko emazteek bataz bertze bi haur izaten dituztela nabarmentzen du, Frantziaren heinean. «Emendatzea Frantziaren familia politikaren ondorioa da, laguntza egokiak daudelako». Bi haurretatik bat ezkontzaz kanpo sortzen da, ohiko familiaren ereduak bizi izan duen aldaketa sakona erakutsiz.
Saldo naturala negatiboa izan arren, biztanle kopurua emendatu da Iparraldean
Biztanleria %0,4 igo da Lapurdin, %0,6 Nafarroa Beherean eta Zuberoan gelditu da urteetako galera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu