Dagoeneko 14 ikasle ohik salatu dute Deustuko (Bilbo) salestarren irakasle ohia sexu abusuengatik, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Horiei guztiei babesa agertu eta erasotzaileen "inpunitatea" salatzeko, elkarretaratze batera deitu du Salestarren ikasle ohi talde batek. Ostiralean egingo dute bilkura, 19:30ean, Deustuko San Pedro plazan. Egiak ez du preskribatzen eta Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez! aldarriak jarri dituzte gaur zabalduko deialdian.
Irakaslea Jose Miguel San Martin da; 1975 eta 1990 artean aritu zen eskolan. Hasierako zazpi salaketen inguruko txostenak epaitegira helarazi zituen Ertzaintzak asteburuan. Haietako batekin hitz egin zuen BERRIAk: "Eskolak bazekien, eta estali egin zuen".
Astelehenean, Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek onartu zuten adierazpen bat. Biktimei, senideei eta hurbilekoei udalaren eta hiriaren "babesa, estimua eta elkartasuna" adierazi zieten, eta abusuak salatzean agertutako adorea eskertu. Adingabeen eta antzeko kolektibo kalteberen kontrako erasoak gaitzetsi zituzten.