Mila emaztez goiti laguntza eske etorri ziren iaz gizarte zerbitzuetara Lapurdi eta Baxenabarren. Emazteen kontrako bortizkerien behatokiko arduradunek zabaldu zuten zenbaki hori, prefetak estatua egituratik jalgitzeko hartu erabakiaren salatzeko prentsaitzinekoan.
Gizarte laguntzako zerbitzuek —bereziki elkarteak— 549 emazte errezibitu zituzten 2014an, bikote barneko bortizkeriagatik laguntza beharretan zirenak. Sokorri eske dabiltzan emazteentzat halako sare bat osatzen dute, besteak beste, elkarte hauek: Atherbea elkarteak kudeatzen dituen Harrera eta Orientazio Zerbitzu Integratua eta Les Mouettes aterpetze guneak, ACJPB Ipar Euskal Herriko epaile zaintzapeko zerbitzuak, emazteen eskubideen informazio zentroak, familia plangintzak. Horiengandik dira zenbaki horiek. Lapurdi eta Baxenabarreko zenbakiak baizik ez dira, ordea. Zuberoa Paueko auzitegiari lotua baita. Bortizkeriak jasan dituztenez gain, bizilagunarekin bereizirik edota haurrekin bakarrik gertatu emazteak ere badira.
Zenbakiak emendatuz doaz urtetik urtera. Gizarte zerbitzuek diotenez, hasi zirelarik kontaketa egiten, 2008tik hona, laurehun bat salaketetarik, iazko 550 inguru horretara heldu dira. Ikusten dute emazte gehiagok egiten dutela salaketarako urratsa. Anitzetan, kinka larrienera heltzen delarik gertatzen da, hots, jazarpen fisiko bortitza pairatu denean. Jazarpen psikologiko edota fisikoak lehenagokoak direlarik. Gehiago dena, laguntza eske heldu diren askok lehen aldia dute, eta ez dute beti segidarik ematen, jazarpen psikologikoei ez baita berehalakoan ohartzen.
Jazarpen mota «berri bat» ere emendatuz doala diote polizia iturriek: Internet edo sare sozialen bidezko jazarpena. Emazte arras gazteek pairatzen dute sare sozialetan dituzten kontuetarik.
Behatokiaren xedea zen, hain zuzen, ofizioko elkarte eta egituren zerbitzu eta informazio guzien biltzea, gurutzatzea, Baionako Ospitaleko, auzitegiko eta poliziarenekin. Lau urtez egin dituen bilkuretan jalgi dira batzuen eta besteen oharrak, nekeziak eta beharrak arazoari buru egiteko.
Lorpenak ere izan ditu behatoki hilortuak, hala nola gizarte laguntzako lanpostu erdi bat salaketa jartzera heldu diren emazteen errezibitzeko. Horra arte ez zena Ipar Euskal Herrian. Pauen polizia etxeak eta jendarmeriak bedera gizarte laguntzaile bazuten jadanik pleinta pausatzera heldu ziren emazte jazarrientzat, baina Baionan ez zen.
Behatokiaren akuilatzaileak damutzen dira, bestalde, barne ziren hiri eta herriko etxeak prest agertu baitziren, haien gain zituzten zenbait bizitegiren antolatzeko, larrialdi egoeretan aterpe gisa erabiltzeko, besteak beste, lehengo eskoletako errienten bizitegiak. Aterabide bat ikusten zuten, hirietan barnealdeko herrietan bezala, gauetan gerta zitezkeen behar gorrientzat. Gauez gau, bortizkeria kasu larri bat ikusirik, emazte baten berehala aterpetzeko eta gerizatzeko ahala ekar baitezake halako bizitegien ukaiteak, biharamuneko urratsen menturan.
Horregatik ere dute deitoratu behatokiko arduradunek estatuaren gibel egitea. Estatua joanez, lotuak zaizkion instituzioak ere baitoaz, elkarteak bakarrik utziz. Elkarte moduan antola daiteke behatokia, baina haien ustez ez luke instituzio publikoak berez lituzkeen egitura baten indar eta «balio erantsia», zerbait gisaz.
«Argudio faltsuak»
Prefetak, Martine Bisauta behatokiko akuilatzaile eta eramaileari igorri gutunean, estatuak egituratik ateratzeko dituen arrazoi zenbait ematen ditu.
Bata, Euskal Herriko Emazteen Kolektiboa eta Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektibo Feminista (BSKKF) ezin direla erakunde publikoko hitzarmenaren sinatzaile izan, ez baitira deklaratuak prefeturan. Behatokikoek erantzun diote ez duela kanorerik argumentuak, bi taldeak ez baitira izenpetzaileetan. Instituzioek baizik ez dute sinatu hitzarmena.
Prefetak dio, bestalde, Atherbea elkarteko eta familia plangintzako lehendakariak bazter utziak izan direla behatokiaren azken urratsetarik, bi egiturak aldi oro ordezkatuak izan direlarik bilkuretan. BSKKFk deblauki salatu du: «Argi da afera honetan fede txarrekoa dela prefeta: hastapenetik segitu du afera, bilkura guzietan izan da prefetaren ordezkari bat, zergatik azken mementoan gibelka egin?». Durant prefetak bere gutunean dio estatuak ezin duela diruz lagundu departamenduaren parte bateko egitura bat. Urrunago esplikatzen du ez duela onartzen estatutuetan ez dadin ager behatokiak lan eginen duela «politika nazional eta departamentalekin loturik». BSKKFk hala gaineratu du: «Egiazko arrazoia lerroen artean irakurri behar da: ez du estatuak onartu nahi Euskal Herrian antolatua den egitura bat!». Delibero politiko baten itzala dakusa talde feministak. «Lotsagarria da estatua holako gai minberatsu batekin jostatzea. Maleruski, prefetaren tematze hori bortizkeriak jasaten dituzten emazteen kaltetan egiten da».