San Markos mankomunitatea osatzen duten herrietan Donostia, Errenteria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta eta Hernani (Gipuzkoa) zabor gutxiago sortu zen iaz, lehenengo aldiz. 2004an sortutako hiri hondakinen kopuruarekin alderatuz, iaz %3,41 jaitsi zen zabor kopurua. 2004. urtean mankomunitatea osatzen duten udalerrietako biztanle bakoitzak 483 kilogramo hondakin sortu zituen urte osoan (1,32 kg egunean) eta iaz 466 kg zabor (1,28 kg egunean). Datuak harritu egin dituela aitortu zuen Iñaki Castillo San Markos mankomunitateko kudeatzaileak eta goiz dela analisirik egiteko: «Dudarik gabe zabor kopurua murriztu izana albiste ona da eta ikusi beharko dugu beheranzko joera horrek hurrengo urteetan jarraituko duen edo ez».
San Markos mankomunitateko hiri hondakinen kudeaketaren balantzea egin zuen atzo Fermin Loza mankomunitateko presidenteak. Bere esanetan, beste urte batez hiritarrek gaikako bilketan izan duten parte-hartzeari esker, zabortegira isuri diren kantitateak %6,07 gutxitu dira, 2004an botatako zabor kopuruarekin alderatuz. Hala eta guztiz ere, 97.009 tona hiri hondakin isuri behar izan direla San Markoseko zabortegian nabarmendu zuen.
Halaber, 2005ean sortutako hondakinen herena (%31,71) berreskuratu zela esan zuen. Etxebizitzetan herritarrek 45.046 tona bereizi zituzten. «Horri esker, hondakin horiek birziklatu egin dira eta ez dira zabortegiaren bidez deuseztatu».
San Markos mankomunitateak egindako gaikako bilketan, ordea, ez du herritarrek sortzen duten materia organikorik biltzen. Materia organikoa zabortegira botatzen da. Errauste plantaren aurkako herri plataformen koordinadorak behin eta berriz azpimarratu izan du zaborraren kudeaketa on bat egiteko, funtsezkoa dela materia organikoa bereizita biltzea. Etxeko zabor ontziko %40 materia organikoa izan ohi da. Zabor mota hori konposta daitekeela nabarmendu izan du Koordinadorak. San Markos mankomunitateak oraingoz ez du asmorik materia organikoa gaika biltzeko. Nagusiki, papera, beira eta ontziak jasotzen ditu bereizita.
San Markosek emandako datuen arabera, 2005ean aurrekoan baino gehiago bereizi zuten zaborra herritarrek. «Hazkuntza hori lortzeko gaika biltzeko sistema hobetu dugu. Udalekin lankidetzan, edukiontzi gehiago jarri dira eta sentsibilizazio kanpainak gehitu dira», azaldu zuen Lozak. Gaur egun mankomunitatean birziklatzeko 2.636 edukiontzi daude: papera eta kartoiarentzat 412 biztanleko edukiontzi urdin bana dago; beirarentzat 399 biztanleko edukiontzi berde bana eta ontzi arinentzat 411 biztanleko edukiontzi hori bana.
Zabortegia 2009an itxiko da
San Markoseko zabortegiak (Errenteria) zaborrak jasotzeko 2009. urtera arteko gaitasuna duela esan zuen atzo Iñaki Castillo kudeatzaileak, «eta, beraz, zabortegia ordezkatuko duen azpiegitura ezinbestekoa dela». Errauste plantaren ika-mika hasi zenean 2006. urtean itxi behar zela esaten zuten Gipuzkoako Diputazioko agintariek. Hondakinen Gipuzkoako Plan Integralean hala dago jasota. Gipuzkoako mankomunitate guztiek bultzatutako Aritzetako (Donostia) errauste plantaren proiektua geldirik dagoela ohartarazi zuen Fermin Lozak.
San Markoseko herrietan iaz zabor gutxiago sortu zen, lehen aldiz
Errauste plantaren proiektua geldirik dagoela azaldu du Fermin Loza mankomunitateko presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu