Egunetik egunera, gero eta ozenago ari dira aditzen maskararen erabilera malgutzea iragartzen duten ahotsak. Azken astean, Euskal Herriko hainbat agintarik egin dituzte gaiaren gaineko adierazpenak, erabaki argirik iragarri ez badute ere. Gaur, Espainiako presidente Pedro Sanchezek hitz egin du hari buruz, baikor: «Laster utziko diogu kalean maskara erabiltzeari».
Sanchezek azpimarratu du txertaketa prozesuaren abiada nabarmen egonkortu dela azken asteotan, eta adierazi du beste mugarri bat erdietsiko dela aurki: «Aste gutxiren buruan, herritarren %50ek dagoeneko hartua izanen dute txertoaren dosiren bat. Bide orria argia da, eta betetzen ari gara». Hego Euskal Herrian, jadanik 1.402.199 herritarrek hartu dute txertoren bat. Zehazki, biztanleen %49 ziztatu dituzte.