Alarma egoera garatzen duen 463/2020 dekretuari buruzko azalpenak emateko, Pedro Sanchez gobernuburua Espainiako Kongresuan izan da. Ezohiko irudia izan da: koronabirusari aurre egiteko neurri gisa, kongresua ia hutsik egon da osoko bilkuran, telematikoki jarraitu baitute saioa diputatu gehienek. Testuinguru horretan, Sanchezek iragarri du «berreraikitze sozial eta ekonomikoko aurrekontu» proiektu bat aurkeztuko duela Espainiako Gobernuak: «Aurrekontu estrasozialak izan behar dute. Norabideak gure ongizate estatua izan behar du, herritarrei segurtasuna eta babesa emateko».
Izan ere, Sanchezek aitortu du Barne Produktu Gordinak behera egingo duela alarma egoeran hartutako neurrien ondorioz, baina erantsi du «inor» ezin dela «abandonatu»: «Inor ezin da atzean geratu». Horretarako, alderdi guztien babesa eskatu du: «Denbora egongo da oposizioa egiteko».
Sanchezek bi hitz izan ditu ahotan hitzaldiaren hainbat momentutan, segurtasuna eta babesa, eta zerbitzu publikoen garrantzia nabarmendu du. Ildo horretan, iragarri du, koronabirusaren krisia igarotzean, osasun sistemaren egoera aztertzeko batzorde bat osatuko duela: «Babes dezagun gure osasun sistema publikoa». Haren hitzetan, ez dago «osasun sistema justurik zerga sistema justurik gabe. Zenbat eta ongizate estatu handiagoa, orduan eta segurtasun eta babes kolektibo handiagoa».
Sanchezek egunotako kudeaketa babestu du, aitortuta neurri «gogorrak» jaso dituztela alarma dekretua garatzeko dekretuan: «Gaur dakigunarekin, munduak ez zukeen jardungo egin zuen bezala. Frantziak ez zukeen hauteskundeen lehen itzulia egingo, jakin izan balu bi egun geroago bigarren itzulia bertan behera utzi beharko zuela. Dekretua eman zen ezinbestekotzat jo zenean, ez lehenago». Besteak beste, beharrezkotzat jo du "koordinazio zentralizatu bat» izatea, eta azaldu du erkidegoek osasun sistemaren «kudeaketa» mantenduko dutela, baina Madrilek emango dizkiela «aginduak».
Batasunerako deia
Espainiaren kohesiorako mezuak plazaratzeko baliatu du Sanchezek hitzaldia. Batasunera deitu zituen eragile politikoak: «Gisa honetako pandemia batek ez ditu bereizten mugak, eta aurre egin behar zaio batasunaren bitartez». Esan du erkidego guztiak «sobera prestatuta» daude horrelako egoera bati aurre egiteko: «Herritarrei diziplina eskatzen diegun bezala, neurria eman behar dugu». Deia egin die herritarrei ere: «Ulertzen dut zirrara. Estatua behar dugu, haren sostengua, baina askoz gehiago behar dugu: komunitatearena».
Hain justu, Sanchezek komunitateaz jardun du hitzaldia amaitzean: «Sakrifizioa eta batasuna eskatzen ari naiz. Baina ezer ez da kapritxoz. Beharrezkoa da biziak salbatzeko. Indartuta aterako gara, erakutsiz zer garen. Zutoin sendoekin berrosatuko dugu gure ongizate estatua. 47 milioi baino zerbait gehiago gara; komunitate bat gara, hizkuntza eta hizkera ezberdinekin kausa beraren alde borrokatzen ari dena: birusa garaitzea».
Sanchezek aitortu du koronabirusaren ondorioen «okerrena» iristeko dagoela, baina herritarren laguntzarako eta zaintzako grina txalotu du: «Estatuak egin behar duen guztia egingo du elkarrekin egoera hau gainditzeko. Horrelako gizarte bat ezin du ezerk geldiarazi, ezta birusik kaltegarrienak ere». Etxean geratzea «balentria ekintzatzat» jo du: «Gu geu gara txertorik onena. Gutako bakoitza bizitzak salbatzen ari da, etxean geratuz».
EAJren eskea
Pablo Casado PPko presidentea ere osoko bilkuran izan da; haren alderdiak gobernuaren dekretuak babestuko ditu. «Ez zaude bakarrik», esan dio Sanchezi, nahiz eta ondoren kritika egin dion; besteak beste, «autokritikarik» egin ez izana leporatu dio. Voxek ere babesa emango dio dekretuari.
Bestalde, konfinamendua gogortzeko eskatu du Gabriel Rufianek (ERC). Erantsi du ospitaleek ez dutela militarrik behar, sendagile gehiago baizik, eta, norabide horretan, aurrekontu militarra %40 murriztea proposatu du, diru hori osasun publikora bideratzeko. Horrez gain, COVID-19 gaitza duten maizterrei alokairuen ordainketan moratoria bat ematea galdegin du.
Aitor Esteban (EAJ), berriz, Espainiako Gobernuak hartutako neurri ekonomikoen «erabat alde» agertu da. Gogora ekarri du 1981ean, alarma, setio eta salbuespen egoerak arautzean, EAJ kontra agertu zela. «Administrazioen arteko koordinazioa ona izan da, eta espero dut horrela jarraitzea». Egoera «behar baino gehiago ez luzatzeko» eskatu du.