Iruñeko kasuaren oso antzekoa da Pozoblancokoa (Cordoba, Espainia). Biak hiru hilabeteren barruan egindako erasoak dira; bietan, bakarrik dagoen emakumezko bati eraso egiten diete gizonezkoek, taldean; bietan daude bideo grabazioak. Eta, bietan, berberak dira akusatuak. Hain justu, Iruñeko epaileak ikerketa egiten ari zenean topatu zuen Pozoblancoko erasoaren bideoa, eta hura jaso zuenean ireki zuen auzia hango auzitegiak.
Iruñeko auzian epaiketa egin zuten, eta sexu abusua egitea egotzita bederatzi urteko zigorra jarri zieten bost gizonezkori. Bortxaketa beharrean sexu abusu zigorra jartzeak jendea haserretu egin zuen, baita erasotzaileak zigorra eduki arren libre egoteak ere. Bost erasotzaileetako lau auzipetu dituzte orain Pozoblancoko auzitegian.
Jesus Escudero, Manuel Guerrero, Jose Angel Prenda eta Alfonso Jesus auzipetu dituzte, sexu abusua eta intimitatearen kontrako erasoa egitea egotzita. Orain, aldeei hamar eguneko epea eman die epaileak epaiketa egitearen edo auzia artxibatzearen alde dauden argudiatzeko.
Epaileak auzia ikertzeko deklarazioa hartu zion biktimari, baita erasotzaileei ere.