«Gure identitatearen eta nortasunaren defentsan lan egiteko konpromisoa berresten dugu», diote ikurrinarekiko errespetua eskatuz agiri bat sinatu duten ehun eragilek baino gehiagok. Izan ere, atzoko agerraldian salatu zutenez, «Iruñeko Udalaren kudeaketan eta aginduan egon direnen aldetik, euskal identitatearen kontrako jarrerak» ezagutu dituztela salatu dute. Argi daukate ikurrinak errespetua merezi duela, eta halaxe aldarrikatu dute, «gainontzeko identitateekiko errespetuan oinarrituz».
«Euskal identitatearen kontrako» jarrera horiek sanferminetan are nabarmenago direla azpimarratu dute, gainera, eta«kultur globalizatu eta identitate espainiarraren baitan kokatuta dagoen Iruñearen irudi bat agertzen» saiatzea egotzi diete agintariei. «Azken urteetako gertaerek adierazten digutenez, sentipen eta hiria ulertzeko filosofia honek, gure sinboloak erabiltzea barne, Iruñeko Udala gobernatzen dutenen interesekin talka egiten du».
«Bizikidetza eraikitzeko garai aproposak» direla uste dute, eta sanferminetan «arduraz eta iruindar guztien mesedetan» aritzeko eskatu dute. Beraiek giro horren alde lan egingo dutela nabarmendu dute, gainera.
Bi deialdi egin dituzte: larunbatean 11:30ean Merkaderesetik abiatuko den buzoneoan eta gosarian parte hartzera, batetik, eta uztailaren 6an 11:00etan Txapileatik abiatuta egingo duten kalejirara joateko, bestetik.
Sanferminetan ikurrina errespetatzeko eskatu dute hainbat eragilek
Kalejira bat antolatu dute uztailaren 6rako, eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu