MEMORIA HISTORIKOA

Sanjurjo hobitik ateratzearen kontra senideek aurkeztutako helegitea atzera bota du epaile batek

Epaileak arrazoia eman dio Iruñeko Udalari. Larunbatean, faxismoaren kontrako eta hobitik ateratzeen aldeko manifestazioa eginen dute hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek.

Faxismoaren kontrako eta deshobiratzeen aldeko manifestaziora deitzeko prentsaurrekoa, gaur. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko azaroaren 15a
17:51
Entzun

Jose Sanjurjo militar kolpistaren gorpuzkiak Iruñeko Erorien Monumentuko kriptatik ateratzeko erabakiak berme juridikoa jaso du gaur: Iruñeko Administrazio Gaietarako 2. zenbakiko Auzitegiak atzera bota ditu Sanjurjo familiak aurkeztutako helegitea eta deshobiratzea behin-behinean gelditzeko eskaera.

Antonio Sanchez Ibañez epailearen esanetan, Iruñeko Udalak iragarritako prozedurak senideen eskubideak bermatzen ditu, "kautelazko neurriak hartu baitira horretarako". Horrez gainera, epaileak gogorarazi du frankisten gorpuzkiak ateratzeko erabakia 2007ko Memoria Historikoaren Legean eta 2013ko Foru Legean oinarritua dagoela.

Bihar aterako dituzte Erorien Monumentuko kriptan hobiratutako militar kolpisten gorpuzkiak, Emilio Mola jeneralarenak izan ezik —horiek aurretik deshobiratu zituzten, familiak hala eskatuta—.

Manifestazioa larunbatean

Hain zuzen, militar kolpisten gorpuen deshobiratzea eta eraso faxistak gelditzea aldarrikatuko dute hainbat alderdik, sindikatuk eta eragile sozialek heldu den larunbatean Iruñean eginen duten manifestazioan. Antolatzaileen esanetan, Nafarroako aniztasun politiko, instituzional eta sozialaren isla izanen da.

Izan ere, talde politiko gehienek babesa adierazi diote egitasmoari, eta horiez gainera, baita Nafarroako Legebiltzarrak eta hogei udalek baino gehiagok ere. UPN eta PP izan dira kanpoan gelditu diren bakarrak. Hala ere, protagonismoa gizarte eragileena izanen dela azpimarratu dute.

Iruñeko Udaletxe plazatik aterako da larunbateko manifestazioa, 17:30ean, eta handik, Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua eta bigarren zabalgunea zeharkatuko ditu, Askatasun plazan, Erorien Monumentuaren aurrean bukatzeko. Geldialdiak eginen dituzte ibilbidearen zenbait gunetan, eragile sozialei ahotsa emateko: "Alor bakoitzeko eragileek gune propioa izanen dute manifestazioan: sindikatuak, udalak, gazteak, feministak, elkarte memorialistak... horiek guztiek pisu handia izanen dute".

"Errepublikaren balioen gaurkotasuna" aldarrikatu dute faxismoaren aurkako manifestuaren sinatzaileek: "Gure eskubide politikoak, demokratikoak eta sozialak mehatxatzen dituzten murrizketen aurrean, askatasuna eta demokrazia defendituko ditugu".

Horrez gainera, iragarri dute egitasmoak jarraitutasuna izanen duela aurrerantzean ere, eta etorkizunean gerta litezkeen eraso faxistek "erantzun azkarra eta bateratua" jasoko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.