Administrazio auzietarako Iruñeko epaitegiak gaur kaleratu du sententzia: Jose Sanjurjo militar kolpistaren gorpuzkiak Erorien Monumentura bueltatzeko baimena eman dio familiari. Sanjurjoren sendiak jarri zuen salaketa. Atzera bota du Iruñeko Udalaren erabakia, gorpuzkiak ateratzekoa, eta egoera “lehengoratzeko” eskubidea aitortu dio familiari: alegia, gorpuzkiak berriro Erorien Monumentura sartzeko aukera.
Familia saiatu zen gorpuzkiak hobitik ateratzea eragozten 2016an bertan, baina orduko hartan epaitegiak ez zuen eskaria onartu, legezkoa zelakoan: 2007ko Memoria Historikoaren Legea erabili zuen argudio gisa, eta 2013ko Biktimen Ordaina Bermatzeko Foru Legea. Epailearen baimenarekin, beraz, 2016ko azaroaren 16an atera zituzten Sanjurjoren gorpuzkiak hobitik —harekin batera, beste sei lagunenak ere bai—. Aurrez atera zituzten Emilio Mola kolpistaren gorpuzkiak ere; kasu hartan, ez zuen kontra egin sendiak.
Iruñeko epaitegiaren oraingo sententziak dio Memoria Historikoaren Legea ezin dela argudio gisa erabili hobitik ateratzeko: “Aztergai dugun gaia kriptaren itxiera da, ez sinboloak kentzea. Han hilobiratuta zeudenak ere ezin har daitezke sinbolotzat”.
Martxoaren 23an berriro lurperatu zituzten Sanjurjoren gorpuzkiak: Melillara eraman zituzten, Espainiara. Ohorezko hobiratzea egin zioten, gainera: Espainiako Armadaren panteoi batean sartu zituzten. Espainiako Defentsa Ministerioko hainbat goi kargudun ere joan ziren ekitaldira.
Garai berezian dator epaitegiaren erabakia. Erorien Monumentuarekin zer egin eztabaidatzeko prozesua abiatua du Iruñeko Udalak. Espainiako gobernu aldaketarekin ere badira mugimenduak: Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko asmoa du Pedro Sanchez presidenteak, eta egun gutxiren buruan egiteko asmoa du, gainera. Iruñeko epaitegiaren erabakia argudio gisa erabili ahalko dute aurkariek.